Leioako EAEren oharra:
Inuzenteak agian... baina ez ergelak! Txorizoak bai, baina sukaldean; udaletxean txorizorik ez!
Leioako Udaleko lanpostuak diren guztiak ez dira, eta ez direnak dira: hau nahaspila!, baina halakoxea da udal honetako egoera, eta halakoxea da entxufearen tamaina. Jakin al duzu udaltzain lanpostuak betetzekoak izan ezik Leioan 1.996tik ez dela oposizio deialdirik batere egin?, jakin al duzu Leioan 45 lanpostu baino gehiago irregulartasunez beteta daudela?, jakin al duzu Behargintzan dauden langileetatik batek ere ez duela oposizio deialdirik igaro, eta zoriak zori bertako langile guztiek profil eta lerrokatze politiko publikoa dutela?, jakin al duzu udalean badagoela azterketa prozesurik batere egin gabe udalerako kalitate teknikariaren funtzioak egiten dituen pertsona bat, kasualitatez alkate ohi baten erraia dena?, jakin al duzu Kultur Leioa eraikinean dauden lanpostuetatik %63 baino gehiago oposiziorik egin gabe beteta daudela?, … lanpostuen txorizadak bihotzerrea eragiten digu!
Baina bihotzerreari eutsi eta inozook jarrai dezagun txorizoak dastatzen! Jarrai dezagun informatikaren txorizadarekin. Leioako udaleko sare informatikoa Bill Gatesena baino osotuagoa eta konplexuagoa omen, izan ere langile bakarra jarrita ere badago enpresa bat honen mantenuaz arduratuta hilean 6.000 euroren bueltan poltsikoratzen duena.
Eta bikarbonatoa hartuta aurrera egin dezagun. Zenbat dira Hirurok, Alaiki, eta leioaztar guztion ezagunek eratutako bestelako enpresek adjudikazio prozesurik gabe beraien egindako udalarentzako zerbitzu eta lanak? Zenbatezinak, ala matematikako gure irakasleek esango luketen modura, mugagabeak. Are gehiago, Hirurok Zerbitzuak enpresaren arduradunek eta udaleko arduradun politikoek azaldu beharko ligukete zergatik enpresa honek erabiltzen duen udal oholtza bere zeregin partikularretarako.
Eta zer esan aseezina duten eraikitze enpresekiko grina eta loturez? Zer esan non, norentzat, zertarako, nola eta bestelako aldagairik kontuan izan gabe eraiki eta eraikitzea, eta honen kontura dirua egin eta egitea baino buruan ez dutenez? Ondiz, Landakoetxe, … hauek ere bihurtuko al dira “txorizo gehiago landatzeko baratze”?
Baina txorizozale hauek kolesterolari aurre egiteko bide egokia aurkitu dute, izan ere diruak dena sendatzen duela esaten eta uste okerra duenik badago, eta txorizo hauek uste horretakoak dira; kolesterolari aurre egiteko tratamendu terapeutikoa dute soldata maila, alkateak urtean 66.000 eurokoa, eta PNV eta IU/Aralar taldeetako alkateordeek urtean 56.449,54 eurokoa, eta hau gutxi ez balitz alkatearen bulegoko altzari berriak 72.000 euro xumetan ordaindu ditugu (gure etxe osoko altzari guztiek ere ez dute horrelako baliorik!).
Eta inozooi beste urte bete joan zaigu txorizoaren bihotzerrea jasaten, 2008ari gauza asko eskatu nahi diogu inozook, horietan garrantzitsuena txorizo asko izatea eta txorizadak, aldiz, akabatzea!; akaso horrela lortuko baitugu herrigintza eta politikagintzak bere izen eta izan ona berreskuratzea!
Gaur, aldiz, txorizo janean gabiltza, gure buruaz urtean behin barre egitea ez baita kontu txarra, eta gainera … zer demontre! Aurtengo txarribodatik txorizo ona atera zaigu eta bejondeigula!.
Leioako Eusko Abertzale Ekintza