Presoen eskubideen alde eta dispertsioaren aurka ehunaka lagun kaleratu dira

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2007ko abe. 31a, 21:23

Garzonen debekuei muzin eginez, ehunaka auzokide kaleratu ziren pasa den ostiralean Uribe Kostan eta Erandion, Natividad Junkoren heriotza eta bere trafiko istripuaren atzean dagoen "dispertsio hiltzailea" salatzeko zein euskal preso politikoen eskubideen alde agertzeko, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak jakinarazi duenez. Ildo horretan, urteko azken ostiralean preso gaixoen aldeko mezua zabaldu zuten bereziki Algortan. Izan ere, gaixotasun larria eta sendaezina pairatzen duen eta Espetxe Zaintza epaileak 92. artikulua ukatu dion Anjel Figueroa bertako presoaren askatasuna aldarrikatu zuten 350 bat lagunek. Areetan, berriz, dispertsioak eragindako 16 heriotzak salatzeko tinta gorriz zikindutako panpina (argazkian) utzi zuten 90 bat lagunek PSE-EEko herriko etxearen aurrean. Bestalde, besteak beste, 40 pertsona batu ziren Erandion, 37 Berangon, eta 90 Leioan. Guztira, 10.000 Euskal Herri osoan, AAMren arabera. Gaur ere, hainbat kontzentrazio egin dira eguerdian.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun