Bisitariei dagokienez, hilerokoak metatuz 37.501 bisitari ezberdin izan ziren iaz UKBERRI.NETen, gorantzako ildoa horretan ere mantenduz aurreko urteotan 22.041, 11.453, 5.128 eta 736 izan baitziren. BIsitari ezberdin gehiago egon zen hilabetea abendua izan zen, 4.860rekin. Bisitari gutxien batu zituena, berriz, abuztua izan zen, 2.379 bisitari ezberdinekin.
2.000.000 orri
Bisitetan ere abuztua izan zen hilabeterik makalena, 5.781 bisitekin, azaroan, ordea, 11.938 bisita jaso zirela. Era berean, bisita gehien izan zuen eguna, eta inoiz gune honetan sartu diren internauta kopuru handien batu zuena, azaroaren 8a izan zen, UKBERRI.NETen laugarren urteurrena. Egun horretan, 773 irakurlek jarraitu zituzten eguneko albisteak eta, batez ere, Zigor Goikoetxea "Gorrion" gazte getxoztarrari egindako elkarrizketaren lehenengo zatia. Gainera, jende kopuru handia metatzean, zerbitzaria erori zen eta internauta batzuek ordu erdi baino gehiago itxaron behar izan zuten albisteak irakurtzeko. Zoritxarrez ez da egun bakarra zerbitzariak arazoak eman dituena eta horrek eraginda, bisita gutxien batu dituzten egunak otsailaren 4a, ekainaren 23, 24 eta 25a zein abenduaren 25a izan dira, zero bisitekin.
Orri kopurutan ere, 2007k aurreko markak apurtu ditu 763.782 orri eskainita, aurreko urteotan kopuruak, 600.162, 407.403, 196.817 eta 36.733 izan direla. Horretan ere, azaroa izan da hilabeterik onena internautek kontsultatutako 96.382 orriei esker. Hilabeterik okerrena, ordea, otsail laburra izan da 41.872 orri eskainita. Guztira, sortu zenetik bi milioi orri zabaldu ditu dagoeneko UKBERRI.NETek. Zehatz-mehatz, 2.021.115 orri.
Beste datu interesgarrien artean aipatu daiteke maiatzeko udal hauteskundeetara aurkezturiko zerrendak 1.981 aldiz deskargatu direla gure zerbitzaritik. Hauteskunde horien emaitzak, berriz, 109 aldiz jaitsi dituzte eta Uribe Kostan eta Erandion aukeratutako zinegotzien zerrendak, 90 aldiz. Uribe Kostako gazte martxaren abestia, ordea, 50 lagunek deskargatu dute.
Lau urte lanean
Dagoeneko lau urte igaro dira euskara eta eskualdeko komunikazioaren aldeko proiektuarekin hasi ginenetik, euskara txukun eta errazaz eta ikuspegi zabal eta askotarikoaz. Momentu onak eta ez hain onak izan dira tartean, baina oraindik egiteko asko daukagulakoan gaude: ez dira gutxi ditugun erronkak. Ikusiko zenutenez, urteak ospatzeko, mantxeta (webgunearen goikaldean) eta logo berriak (argazkian) oparitu diogu gure eta zuon buruei. Hori pausu txiki bat besterik ez da. Izan ere, proiektua uribe kostar guztiei zabaltzeko moduan gaudela deritzogu, eta gainera, pilatzen zaizkigun proiektu guztiak egingo baditugu behar-beharrezko izango ditugu partaidetza zabal eta anitza eta diru independente multzo dezente bat. Bai, ongi ulertu duzu. Behar zaitugu. Zure ideiak, partaidetza eta dirua behar ditugu. Egin zaitez UKBERRI.NETeko partaide! Horretarako, hemengo bazkide orria (pdf) baino ez duzu bete behar.
UKBERRI.NET 2003ko azaroaren 8an jaio zen, Estatu Espainiarreko Gobernuak eta Juan del Olmo epaileak 2003ko otsailaren 20an itxitako "Euskaldunon Egunkaria"ren "Bizkaia" gehigarriak Uribe Kostan eta Erandion utzitako hutsunea betetzeko saiakera gisa. Data horretatik 2007ko urriaren 30era arte, webguneak 249.273 bisita jaso ditu eta 2.021.115 orri eskaini die 76.942 internautari. Era berean, webgunean 6.682 albiste eta iritzi argitaratu dira 50 hilabete horietan.