Getxoko Aixerrota auzoko zelaiak bete-beteak ageri ziren ostiralean, paella lehiaketaren inguruetara hurbildutako milaka lagunak direla medio. Itxas Argia talde antolatzailearen arabera, gainera, lehenengo aldiz 30.000 parte hartzaileen marka hautsi zen. Antolakuntzak jarritako toldoen pean zein zonalde ez ofizialean edo "Bronx", ezaguna den moduan, paella egiteko hamaika modu xelebre asmatu edo ohiko modu goxoei tinko eutsi egin zioten. Paellarik hoberena, zalantzarik gabe epaileen arabera, Piperrak koadrila algortarrarena izan zen, 53. edizioko lehenengo saria eraman zuena, iaz eta 2006an ere egin bezala. Ohikoa denez, festara ez ziren falta gizarte eragileak eta, besteak beste, Bizarra Lepoan euskara elkarteko (argazkian), Berdintasuna etorkin boliviarren taldeko eta Esaiteko postuak ikusi ahal izan ziren. Bestalde, arroza, alkohola, ikurrina, edalontzi berrerabilgarriak, batez ere Sopela eta Larrabasterratik ekarritakoak, eta presoen eta atxilotuen aldeko ikurrak eta pankartak bazter guztietan izan ziren.
Argazki gehiago ikusteko sakatu hemen.