Euskadiko Futbol Federazioak (EFE) abenduaren 23ko Iranen aurkako partidan "Euskadi" izendapena erabiltzeko erabakiaren aurrean, Euskal Herriko 165 futbolari eta jokalari ohiek adierazpen bateratua plazaratu zuten azaroaren 13an. "Iaz hartutako konpromisoari eutsi" eta Euskal Herriaren izenean ez bada, norgehiagoka horretara ez direla agertuko iragarri zuten. Gainera, abenduaren 3an, Euskal Herriko 800 kirolarik baino gehiagok bat egin zuten futbolariekin. Gauzak horrela, Esait eta Bai Euskal Herriari eragileek guzti horiei babesa adierazi eta "Euskal Herria izena eta izanari" eustea erabaki dute. Aurten ere “Euskal Herria, nazio bat, selekzio bat, federazio bat” apustuarekin bat egiten duten kirolari eta herritarrekin argazkiak aterako dituzte. Horrenbestez, Uribe Kosta eta Erandion lau dira jarritako hitzorduak, abenduaren 13an, larunbatarekin, guztiak: 12:00etan, Itzubaltzeta / Romoko Santa Eugenia plazan; 12:30ean, Leioako Boulevardean; eta 13:00etan, Erandioko metro geltokiko zabalgunean eta Algortako Txiki eta Otaegi plazan. Ekimenari atxikimendua adieraztea ez ezik, argazkiak ateratzeko egindako deialdietan parte hartzea ere eskatu diete kirolariei, eta oro har herritar guztiei antolatzaileek. Argazkian, iaz Algortan batutako lagunak / Nazio bat, selekzio bat.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!