Larunbatean baserri giroak beteko du Lamiako

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 5a, 20:39
Urtero legez maiatzaren azkeneko ostiralean antzeztuko dute maskarada Lamiakon. Hala ere, giroa pizten hazteko, aurten ere euskal jaia antolatu du larunbat honetarako, hilak 10, Lamiako Maskarada kultur elkarteak. "Zergatik Lamiakon? Agian Leioako auzorik erdaldunduena delako", azaldu dutenez. Hain zuzen ere, "galdu egin diren ohitura asko berreskuratu nahian" atera zen iaz euskal jaia antolatzearen ideia. Aurten, gainera, Lamiako eta Leioako baserriak edukiko ditu ardatz ospakizunak. Lamiako Maskarada taldeko arduradunen hitzetan, "lehen gure herrian zegoen bizimodua, ohiturak, baserriak... porlanaren eraginez desagertzen daude gaur egun, batez ere Leioan. Eta horiek aldarrikatuko ditugu". Argazkian, Mari eta Sugaar dantzan Lamiako maskaradan / Goi Herri dantza taldea.
Horrenbestez, goizeko 11etan txupinazoa jaurti eta txosna zabaldu bezain laster hasiko dira ekitaldiak. Horietatik askok, gainera, baserri giroarekin edukiko dute zer ikusia: besteak beste, hasi bezain laster, bertoko produktuen azoka egongo da. Txikienek, berriz, taloak dastatu ez ezik, horiek egiteko ere izango dute aukera 12:00etan, eurentzako prestatutako tailerretan. Horrekin batera, egun osoan zehar, baserrietako bizimodua eta lanak antzezten ibiliko da aktore talde bat. Eta, nola ez, Lamiakora hurbiltzen diren guztiei baserritarrez jantzita joateko eskatu diete. Txosna eta eszenatokia ere baserrien itxura edukiko dute. Hala ere, ez dira larunbatean faltako albokari, trikitilari eta txalapartariak; txotx erraldoia (13:00); herri bazkaria eta bertsolariak (15:00); irrintzi txapelketa (16:30); herri kirol olinpiadak (17:00); Txikiak Txiki eta Gure Ohiturak dantza taldeekin alardea (18:00); saiheski jana (19:00); fanfarrearen emanaldia (19:30); trikikalejira (20:30); "Baserriko bizimodua" antzezlana (21:30) eta erromeria (23:00).

Maskarada

Bestalde, hilaren azken ostiralean, maiatzak 30, Lamiako auzoko kaleetan barrena ibiliko dira, Mari, Aker, Inguma eta beste hainbat pertsonai mitologiko; San Maximo jaien barruan. 17:30etik aurrera eta gaua heldu bitartean, magiaz beteko dituzte Leioako inguru horretako txoko guztiak. 1978tik hona, Euskal Herriko mitologiaren antzezpena egiten du urtero Lamiako Maskarada kultur elkarteak. Alde batetik, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka uztartzen dute. Eta bestetik, auzoari berari izena ematen dion Lamiaren istorioa.

Hiru atal

Lamiako Maskarada elkarteak azaldu duenez, hiru atal ditu ikuskizunak. Lehenengo biak arratsaldean izango dira, 17:30etik aurrera. Ordu horretan, Gaztelubide kaleko errotondatik kalejiran abiatuko dira Lamiakoko metro geltokiraino, Maiatza, erraldoiak, fanfarrea eta herriko dantza taldea; maskarada eta maiatzaren etorrera herrian zehar iragarriz. 18:00etan, berriz, Mari eta Sugaar bere senarra agertuko dira Lamiaren eskulturaren ondoan eta Udagorri dantzatuko dute bertan. Besteak beste, joan-etorria egingo dute Txopoetako garbitegiraino, bidean pertsonaia mitologikoekin dantzatuz eta gaueko akelarrerako gonbitea luzatuz. Hain zuzen ere, 22:30etik aurrera, suaren inguruan dantzatuko dute bildutako pertsonaia guztiek, Lamiakoko futbito zelaian. Akelarrean, jentil mitologiaren eta kristautasunaren arteko borroka islatzen duen antzezpena egingo dute; zeinean sua, musika eta biribilketak nagusi izango diren.

Lamiaren kondaira

Prudentzia alargunaren semea marinela zen. Urrunean itsasontziren bat ikusten zuenean, semea etorriko zen esperantzaz Ondizen zuen etxetik Abra ingurura jaisten zen. Halako batean, betiko legez, semea agertu ez eta tristuraz beteta etxerako bidean hil egin zen. Kondairak dioenez, Lamia bihurtu zen.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun