Sistema kapitalista akatzeko gerra deklaratu dute Txorimaloren II. urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mar. 30a, 18:27

Txorimalo gaztetxea sistema kapitalistatik at dagoela aldarrikatu eta sistema bera akatzea duela helburu adierazi zuen atzo Algortako Gazte Asanbladak (AGA). Txorimalo gaztetxearen II. urteurrena ospatzeko azken jardueran buruturiko ekitaldi politikoan egin zituzten adierazpenak, Amalurraren etsaiei, banketxe eta inmobiliariei, indar errepresiboei, hezkuntza sistemari, enpresari esplotatzaileei, eta Estatuari gerra deklaratu ostean. Aurretik, gaztez beteriko karpa baten aurrean (250 bat lagun zeuden AGAko kideen arabera), gazte asanbladak abian jarritako gaztetxe eta etxe okupatuak gogoratu zituzten, babes oihuen artean, eta bizitutako errepresioa ere gogora ekarri zuten. Atzokoa, "askoz gehiago borrokatzeko" ospakizun eguna zela adierazi eta "gure artean ez daudenak" bertan presente zeudela aldarrikatu zuten. Horren lekuko izan ziren Aner Mimenza gazte presoak Caceresko espetxetik bidalitako hitzak. Txorimaloko "kide bahitua" oso hunkituta azaldu zen eta urteurrena ospatzeko gonbitea egiteaz gain, gazte belaunaldi berriei nork bere mailan eta bere esparruan borrokatzeko deia luzatu zien. Argazkian, Euskal Presoak Euskal Herriratzearen alde, atzo kontzertuen artean egindako agerraldia.

"Txorimalo, 2 urtez kultura bultzatzen" eta "Etxean nahi ditugu" pankarta erraldoiek atondutako karparen pean batu zen atzo iluntzean gazte andana, gaztetxearen urteurrena ospatzeko asmo biziarekin. Toldoetatik eskegita, tortura, AHT eta Lurralde Zati Planaren (LZP) aurkako eta presoen eta Euskal Herriaren aldeko zein askatasuna eskatzen zuten ikurrak ikus zitezkeen, Txorimaloren irudien artean. Behean dozenaka koadrila, kontzertuak eta ekitaldia noiz hasteari so. Aurreikusita baino ordu bat beranduago, Barricadari omenaldia eskaini zion Picadura taldeak hartu zuen oholtza, behean zeudenak dezente girotuz. Ondoren, ekitaldi politikoa abiatu zuten.


Sastraka, Burdinola, Maidagan, Kutxitril, Aixerrota, Mentxakabarri eta bidean gelditu ziren hamaika proiektu gogora ekarri zituzten, batutako gazteen txalo eta babes oihuen artean. Nondik zetozen azaldu ostean, bigarren urteurrenari begira bart ospatzeko unea zela, ondoren, gaurtik aurrera "gehiago borrokatzeko". Eta bide horretan urrunera eraman dituztenak "ezin ahaztu" eta ahotsa eman zieten "Txorimaloko kide bahituei", Aner Mimenza gazte presoaren ahotsa, alegia.

Gazte belaunaldi berriei deia

Mimenzak gazte mugimenduarentzat, okupazio mugimenduan aritutakoentzat zein jardungo dutenentzat, Txorimalorentzat eta urteurrena prestatu duen jendearentzat txalo zaparrada eskatu zuen eta bertaratuek ez ziren eskumotz jokatu. Era berean, eskertu zuen urteurrenean parte hartzeko aukera eman izana eta onartu behar izan zuen guztiz hunkituta zegoela, Caceresen grabazioa prestatzean. Gaztetxeek eta etxe okupatuek pairatutako errepresioaren zerrenda laburtua, eta horrela ere luzea, egin zuen baina horrek guztiorrek "merezi izan duela" baieztatu zuen: "gaztetxeak beharrezkoak dira gizarte honetan borrokatzeko" eta gazte belaunaldi berriko kideei zuzendu zitzaien haiek beharrezkoak direla goxo azalduz.

"Kapitalismoak alde bakarreko gizakiak", kontsumitzaileak, pasiboak, menpekoak baino ez dituela sortzen salatu zuen gazte dispertsatuak. "Baina gu ez gara horrelakoak izan nahi" gogoratu zuen eta borroka eta sozialismoaren bidea, kaleak hartzearen bidea eskaini zuen. Dena den, errepresioarekin kontuz jokatzeko aholkatu zuen eta baita agerikoak ez diren "jarrera errepresiboekin", patriarkadoa edo makroproiektu suntsitzaileak kasu. Azkenik, gazte guztiei gonbidatu zien jendarte berri baten alde konpromisoa hartu eta lan egitera, "kalean, espetxean eta ezkutuan emandako pausu" guztiak batuz eta biderkatuz.

Ondoren, Algorta, Getxo eta Itzubaltzeta / Romoko preso politikoen irudiak zein errefuxiatuen gogorapena jarri zituzten ikusgai Joseba Sarrionaindiaren "Lagun presoei gutuna" olerkia musikaren doinuan irakurtzen zuten bitartean.

Azkenik, gerra deklarazioa irakurri zuten AGAkoek, Amalurraren etsaiei, banketxe eta inmobiliariei, indar errepresiboei, hezkuntza sistemari, enpresari esplotatzaileei, eta Estatuari zuzenduta. Antikapitalismoaren bidetik, "pasibotasunaren inguruan dabiltzan gazteak subjektu aktibo bilakatzeko beharra" azpimarratu eta "garaipena" egunerokotasunean lantzera deitu zuten, gaztetxean, kaleetan, presoen taldeetan, ikastetxeetan, lantokietan, herriko jai batzordeetan zein kultur eragileetan. Era berean, Algortako gazte Asanbladaren 12 kideen aurkako epaiketa gertu dagoela-eta adi egotera deitu zuten. Ekitaldia amaituta, Daleke Aun Respira, Iron eta Maider eta DJ BUllek gaua eta jaialdiari atea ireki zioten.

Lokatza eta txokolatearen arteko ospakizun astea

Txorimaloren bigarren urteurrena ofizialki apirilaren 10ean beteko bada ere, AGAko kideek pasa den asteartean, hilak 25, abiatu zituzten ospakizunak, atzo bere amaierara heldu zirenak. Balorazio "oso positiboa" egin dute aste labur honetaz, izan ere antolatutako gauza guztietan jende askok hartu duelako parte. Asteartean, esate baterako euripean egon arren gazte andana izan zen hasiera ekitaldian, aurreskuari so, zein film laburren gauan. Asteazkenean ere, lokatza eta txingor artean jokatu baziren ere, ez ziren hitzordura falta hainbat gaztetxeren talde agrolinpikoak, "eta gainera Txorimalok irabazi zuen!" diote barreen artean antolatzaileek. Ostegunean, berriz, Txiki eta Otaegi plazako frontoia leporaino bete zuten haurrek eta gurasoek "Kalea gurea da" Koblakari antzez taldearen lana ikusteko eta "kristoren giro alai eta bizia" sortu zen bertan.

Oraindik arrakasta handiagoa izan zuen Moby Dick kantautore euskaldunaren kontzertua, jendea kanpoan gelditu behar izan baitzen, aretoan ezin kabiturik. Era berean, ezusteko handia hartu zuten Txorimalokoek Getxoko Antzerki Eskolak eskainitako antzezlanera joandako gazte uholdeaz eta nabarmendu zuten gazte andanak parte hartu zuela kalejiran, Azken Ostiraleko kontzentrazioan eta Xabier Galdeanori eskainitako omenaldian. Ostirala bukatzeko, ohiko erromeria taldeak "dantzan jarri zituen" dozenaka gazte Txorimalon bertan, "giro ederrean".

Atzo, larunbatean, gaueko ekitaldia eta kontzertuez gain, hainbat jarduera izan ziren. Horrela, goizean 22 koadrila, 100 bat gazte, lehiatu ziren tortilla txapelketan. Lehiaketak baldintza bakarra zuen, dekorazioa Txorimaloren II. urteurrenarekin lotura izatea. Izar Gorria taldeak irabazi zuen lehia, epaileek "Zuek bai izarrak" bataiatutako tortillarekin. Osagarrien artean txokolatea sartu zuten gazteek "euskal sukaldaritza berria" gaztetxeetaraino heldu den seinale. Dekorazioari dagokionez baserria egin zuten, baina Hansel eta Gretelena ez bezala hau gaztaz eginikoa zen, piper gorrizko teilatua zuena.

"Hemendik aurrera? Jarraitu"

Euskal Herrian ohikoa denez, bazkaria eginda egon zenean hainbat gazte heldu ziren mahairatzeko eta esaera zaharrak "berandu datorrenak mahai azpitik txistu" esaten badu ere, bazkari herrikoiaren ohiko arauak jarraitu ziren: goxo bazkaldu, hobeto edan eta tortilla lehiaketaren sari banaketa egin ostean, guztien artean dena ondo batu. Sarietan ere, Txorimalokoek produktu naturalak eta bertakoak hobetsi zituzten eta gazta, esku-pilota, patxarana eta Aner Mimenzak kartzelan egindako estainuzko Txorimaloren koadroa banatu zituzten saridunen artean.

Eta ekitaldian esan bezala, "hemendik aurrera? Jarraitu" adierazi zuten balorazioetan AGAko kideek: "indarra erakutsi dugu eta hurbildu den jende uholdea inplikatzen saiatu beharko dugu, jarduerarako bide ezberdinak eskainiz". Tartean, Getxo, Algorta eta Portu Zaharreko jai batzordeetan lanean segitzeko asmoa daukate eta "beti bezala" hileko agenda soziokulturala aurrera eramango dutela aurreratu dute: "autogestioa defendatzen, aisialdi gune alternatiboak sortzen eta gizarte eredua eraldatzen jarraituz, beti aurrera".

Lapurreta gaztetxean

Bestalde, ekitaldian iragarri zutenez, atzo, ospakizun handien egun horretan gaztetxeak ateak zabalik izan zituela ezezagunen batek ordenagailu eramangarri bat eta hainbat material ebatsi eta eraman zituela salatu behar izan zuten AGAko kideek. Ez da lehenengo aldia horrelakorik gertatzen denik, baina balizko gertaera susmagarritzat jo beharrean, kontzertuetarako materiala ordezkatzerik izango zutela azaltzera mugatu ziren Txorimalokoek. Bestalde, iragarri zuten gaztetxeak saldutako zozketen emaitza Koska irratian (FMko 108.0) AGAk egiten duen "Gazte uhinak" irratsaioan jakinaraziko dituztela bi aste barru.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun