Matrikulazio kanpaina abian dute Getxo udalerriko euskaltegiek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko ira. 18a, 20:57

Getxoko Udalaren Euskara Zerbitzuarekin elkarlanean, 2008/2009 ikasturterako matrikulazio kanpaina abian dute jada HABEk homologatutako udalerriko 5 euskaltegiek. “Euskara zure auzoan dago” lelopean, mota desberdinetako ikastaroak, barnetegiak eta Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak eskainiko dituzte Getxoko Udal Euskaltegiak, Lauaxeta AEKk, Jose Antonio Agirrek eta Bai & by enpresak. Uztarrik, berriz, batez ere A ereduan ikasten duten 5 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei emango dizkie euskara eskolak. Era berean, beste urte batez, Aisa etorkinentzako oinarrizko hizkuntza ikastaroa eta Dendaketan udalerriko merkatariek bezeroei zerbitzua euskaraz ematen ikasteko ikastaroa jarri dituzte martxan. Matrikulazio epea irailean zehar egongo da zabalik. Argazkian, ezkerretik eskuinera, Getxoko Udal Euskaltegiko Amaia Goiri, Lauaxeta AEKko Iratxe Marta, Koldo Iturbe Euskara zinegotzia, Uztarriko Nora Zugadi eta Jose Antonio Agirreko Amaia Torrealdai, atzoko aurkezpenean.

Euskaltegi bakoitzak bere ohiko eskaintza egiteaz gain, aurten berritasunak badaude, atzoko aurkezpenean zentroetako zuzendariek jakitera eman zutenez. Horrela, Getxoko Udal Euskaltegiak ikastaro berezia eskainiko die EGA titulua izan eta, lanagatik edo bestelako arrazoiengatik, hizkuntzan sakondu nahi dutenei. Lauaxeta AEKk, berriz, D ereduko Batxilergoko bigarren mailako ikasleei emango die 120 orduko ikastaro berezia, 3. maila lor dezaten, Iratxe Marta bertoko arduradunak jakinarazi zuenez. Eusko Jaurlaritzak euskararen egiaztagiri guztiak baliokidetzeko erabakia hartu zuen iaz. Horrela, Europako Erreferentzia Marko Berrituari jarraiki EGA tituluaren parekoa da 3. maila. Bitartean, Uztarrik hiru zentro ditu udalerrian, A ereduan ikasten duten 5 eta 16 urte bitarteko neska-mutilei euskara eskolak emateko, Nora Zugadi tokiko arduradunak azaldutakoaren arabera. Bata, Algortako Juan Bautista Zabala eskolan eta Getxo eta Areetako batzokietan bana.

Dirulaguntzak

Euskategiei ezezik, euskara ikasten ari diren lagunei ere dirulaguntzak ematen dizkie Getxoko Udalak. Besteak beste, baliabide ekonomikorik ez dutenek, ikasketak amaitu dituztenek, 12 urte edo gutxiagoko seme-alabak dituzten gurasoek, haur zaintzaileek, pediatrian edo ginekologian lan egiten duten sendagileri eta erizainek, haurtzaindegietako langileek, ikastetxeetan irakasle ez diren langileek, saltokietako langileek eta elkarteetako begiraleek daukate horiek eskuratzeko aukera. Koldo Iturbe Euskara zinegotziak emandako datuen arabera, 2007ko ikasturtean 424 lagunek eskatu zuten dirulaguntza eta Udalak 80.351 euro banatu zituen. Euskaltegietan 2.000 bat ikasle matrikulatu ziren guztira. Laguntzen onuradunek euskaltegian hartutako eskola-ordu guztien %85 bete dutela egiaztatu behar dute edo Interneten bidezko ikastaroen maila gainditu, udal arduradunak zehaztu zuenez. Horri buruzko informazio gehiago Euskara Zerbitzuan eskura daiteke, 944 660 010 telefono zenbakian, euskara.zerbitzua@getxo.net posta elektronikoaren bidez edo www.getxo.net webgunean.

Aisa eta Dendaketan

Bestalde, aurten ere Getxoko Udaleko Euskara Zerbitzuak eta udalerriko euskaltegiek Aisa eta Dendaketan ikastaroak antolatu dituzte. Lehenengoaren helburua "etorkinek bertoko gizartea eta ohiturak ezagutu eta euskararen ikasketan lehendabiziko urratsak ematea da”, atzo Amaia Goiri Getxoko Udal Euskaltegiko zuzendariak azaldu zuenez. Zentro horretan ezezik, Lauaxeta AEKn ere ematen dute. 60 orduko ikastaroa da, astean bi egunetan, 19:00etatik 21:00etara edo 20:00etatik 22:00etara, urritik otsailera. Matrikularen prezioa 10 eurokoa da.

Dendaketan ikastaroak bezeroei zerbitzua euskaraz eskaini ahal izateko gakoak eman nahi dizkie dendari eta ostalariei. “Iazko esperientzia oso positiboa izan zen parte hartzaileek interes handia erakutsi zutelako”, gogoratu zuen Amaia Torrealdai Jose Antonio Agirre Euskaltegiko zuzendariak. Ikastaroaren ordutegia astearteetan eta ostegunetan 8:00etatik 9:30era edo 15:00etatik 16:30era izango da eta matrikularen prezioa 50 eurokoa da. Honako hau, aurretik aipatu zentroan, Getxoko Udal Euskaltegian eta Lauaxeta AEKn ematen dute. Lehendabiziko aldiz, Getxo Enpresa eta Merkataritza elkartearen laguntza jaso du ekimenak.

Bi ikastaroetarako matrikula egiteko epea datorren urriaren 3an amaituko da dagokion tokian: Udal Euskaltegian (944 646 299), Lauaxeta AEKn (944 304 734) edo J.A. Agirren (944 606 671). Gainera, Aisa amaitzen dutenei matrikularen dirua itzuliko zaie. Dendaketanen, berriz, diruaren zati bat bueltatu zaie ikasleei eta deiak egiteko 200 euro dituen sakeleko telefono baten zozketan parte hartuko dute merkatariek.

Azkenik, Udal Euskara Zerbitzuak merkatariei doako itzulpen zerbitzua eta kartelak elebidun ipintzeko laguntzak eskaintzen segitzen du. Bestalde, poltsikoko hiztegi txiki baten 2.000 ale kaleratu ditu berriro, 8 hizkuntzatan agertzen diren 400 hitzekin. Horiek Algortako Urgull kaleko Euskara Zerbitzuan har daitezke.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun