Getxoko Bigarren Eskuko Liburuen Azoka Solidarioa ezinbesteko topagune bilakatu da liburuzaleentzat. Atzo, asteazkenean, hasi zen hirugarren ekitaldiak lagun ugari bildu zituen Algortako Telletxe plazan. Bisitariek salgai jarri ziren liburuen herena baino gehiago erosi zuten, udal iturriek adierazi dutenez. Azoka larunbatera arte egongo da zabalik eta, ohi denez, liburuek prezio sinbolikoak dituzte (euro batean hasita), bildutako dirua proiektu solidario batean erabiliko baita. Aurten 12.000 bat liburu jarri dituzte salgai, udal liburutegiei emandakoak. Horiek guztiak banan-banan aztertzen dira, liburutegien bildumari zeintzuk gehitu dakizkiokeen erabakitzeko. Udal liburu-bildumara pasatzen ez diren hainbat liburu interesgarriak gerta daitezke publikoarentzat eta, hori dela eta, udal liburutegiek saltzea erabaki zuten, Getxoko lau udal liburutegietako garbiketan baztertutako aleekin batera. Horrela sortu zen Bigarren Eskuko Liburu Azoka iaz. Honako hau da azokaren ordutegia: 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 21:00etara. Sarrera doakoa da. Argazkian, iaz 9.000 bat liburu saldu ziren Bigarren Eskuko Liburuen Azokan eta onarpen zabala izan zuen ekimenak.