Getxoko Behargintzak datuak nola babestu erakutsiko die tokiko enpresei

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 6a, 19:57

Enpresa ertain eta txikien kudeaketa hobetzeko programa berri bat abiatu du Getxoko Behargintza Tokiko Ekonomiaren Garapenerako Laguntza Bulegoak. Horren helburua da tokiko enpresei datuak babesteari buruzko araudiaren berri ematea, eta araudi horren zehaztasunei egokitzeko bidean gidatzea, tokiko iturriek adierazi dutenez. “Getxo Adapta LOPD” izeneko egitasmoa urtean zehar garatuko da eta hiru jarduketa-lerro nagusi izango ditu: informazioa, prestakuntza eta aholkularitza. Horrela, informazio jardunaldiak egingo dira (2 orduko iraupenarekin), "datuak babesteari buruzko araudiak enpresarentzat dakartzan eskubideak eta betebeharrak labur-labur azaltzeko". Gaian sakontzeko, prestakuntzako mintegiak ere antolatu dira, 8 orduko iraupenarekin; "horietan, datuak babesteko araudiaren oinarrizko alderdiak azalduko dira, enpresa batek araudi hori betetzeko zein urrats eman behar dituen azalduko da, eta etortzen diren pertsonei Mikrolopd tresna banatuko zaie (DVD bat, mikroete batek datu pertsonalak babesteko araudia betetzeko jarraitu behar duen prozesua sistematizatzen duena)", azaldu dute Behargintzako arduradunek.

Informazio jardunaldi eta prestakuntza mintegi horien osagarri gisa, Behargintzak aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzua eskainiko du, enpresek indarrean dagoen araudiari egokitzeko bete behar duten prozesuan gidatzeko. Gauzak horrela, lehenbiziko informazio jardunaldia maiatzaren 22an egingo da, 9:00etatik 11:00etara, Algortako kultur etxean (Villamonte A-8) eta, lehen trebakuntza mintegia, ekainaren 18an eta 19an, 9:00etatik 13:00etara, toki berean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun