Nazio webgunea zabaldu du Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko mai. 2a, 18:44

Segi Euskal Herriko gazte erakundeak nazio webgunea abiatu zuen atzo, Maiatzaren Lehena. Gazte antolakundearen aburuz, segi.tk Interneteko gunea "independentziaren alde borrokatzeko tresna bat gehiago" izango da. Orain arte, Segik presentzia handia izan du sarean, batez ere, Youtube-n eta Euskaltube-n eskegitako bideoei zein tokian tokiko taldeek sorturiko guneei esker, tartean Itzubaltzetako Segirena. Segi.tk webgunean albisteak, "Kaiolatik At!" DVD bildumaren bideoak, deialdien egutegia, Segiri mezuak bidaltzeko aukera edota gazteentzat interesgarriak diren hainbat guneren estekak topa daitezke dagoeneko. Webgunea aurkeztearekin bat, Hego Euskal Herrian ilegalizatuta dagoen gazte erakundeak salatu ditu euskal gazteriaren "ahotsa isiltzeko" egindako makina "Polizia operazio bortitzak", tartean Oarsoaldeko azkena edota Ino Galparsoro Arrasateko alkatearen kartzeleratzea. Argazkian, "Kaiolatik At!" bildumaren 9. DVDren bideo baten lehenengo irudia.

Segiren oharra:

segi.tk Independentziaren alde borrokatzeko tresna bat gehiago dugu esku artean.

Etsaiak, euskal gazteriaren ahotsa isildu eta Independentzia eta Sozialismoaren aldeko borroka suntsitu nahi du. Terroristak izendatu gaituzte, aste joan eta astea etorri euskal gazteriaren aurkako Polizia operazio bortitzak jasaten ditugu, azken adibidea Oarsoaldean bizi izan duguna, edota atzo bertan Arrasateko alkatearen kartzeleratzea.

Eraso guzti hauek oinarrian helburu bat dute, gazteon antolatzeko eta borrokatzeko grinarekin amaitzea, Independentziaren aldeko borroka suntsitzea. Baina Estatuek daramaten bide errepresiboa antzua dela, dagoeneko herri honek aski ondo erakutsi du. Erasoak eraso, ezin izan dute Independentziaren eta sozialismoaren aldeko borrokarekin amaitzea, kontrakoa, euskal gazteriak antolatu eta borrokatzeko konbentzimendu eta tinkotasun osoa du, garaipeneko argiak argitzen baitigu bidea!

Beraz, argi izan dezatela, erasoak eraso orain arte egon den bezala une politiko honetan ere borrokara lotuko den belaunaldia badago.Herri hau aldaketa politikoaren atarian aurkitzen da, egun Independentziaren proiektu politikoa eta Espainiar konstituzio edo Frantziar Errepublika parez pare aurkitzen dira, bi proiektu hauen arteko hautua egin behar da. Gazteok aldaketa nahi dugu, gazteok gure eskubideen jabe izan nahi dugu, bestelako jendarte eredua eraiki nahi dugu, eta bide honetan ari gara lanean. Honen erakusle izan da Maiatzaren Lehena egun honi begira herri, auzo eta ikastetxeetan gazteok egin dituzten ekimen ezberdinak prekarietate egoera salatzeko. Gazteok inposatutako sistema kapitalista honekin apurtu nahi dugu, gure eskubideez aberasten direnekin ez dugu etorkizunik, PSOE, PNV, UMP, UPN: zuekin etorkizunik ez!

Borrokaz irabaziko dugu, beraz independentziaren bidean gaurtik aurrera badugu borrokarako tresna berria, badator segi.tk

Jo ta ke irabazi arte!

Segi
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun