Portland San Antonio eta Teka Cantabria Jose Xabier Sanzen alde jokatuko dute gaur zortzi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 4a, 14:38

Jose Xabier Sanz Romo eskubaloi taldeko jokalariaren gastu medikuei aurre egiten laguntzeko, datorren ostiralean, hilak 11, Portland San Antonio eta Teka Cantabria Asobal Estatuko maila gorenean lehiatzen diren klubak norgehiagoka arituko dira. Hitzordua Bilboko Casilla udal kiroldegian paratu dute arratsaldeko 8:15ean, Basauriko Eskubaloi Solidarioaren II Jardunaldiaren barruan. Ekimen hori Basauriko eta Romoko eskubaloi taldeek zein Basauriko Udalak antolatu dute eta, bere aldetik, Imanol Landa Getxo udalerriko alkateak getxoztar guztiei partidaz gozatzen joatera animatu ditu. Sanzek auto batek harrapatu zuen 2006ko abuztuaren 4an, oporretan, Pragako diskoteka batetik irteten ari zela. Ordutik hona, eta koman hogei egun eman ostean, etengabe ibili da operazio-geletatik irten eta sartzen, medikuek burmuineko eskuineko aldean goikaldearen ia erdia kendu ziotela. Gainera, meningitisa ere pairatu zuen. Argazkian, Sanzen alde ateratako kamiseta.

Besteak beste, Txekiatik etorrita, Sanz Gurutzetan, Gorlizen, Arrasateko Aita Menni eta Bartzelonako Quiron ospitaletan izan da. Medikuek aurreratu zuten litekeena gurpil aulkian gelditzea litzatekeela, baina familiak ez ditu esperantzak galdu, izan ere dagoeneko Jose Xabierrek hitz egiteko eta zutik egoteko gauza da. Dena den, dirutza kostatzen ari da jokalariaren errehabilitazioa eta taldekideek, beste ekimenen artean, kamisetak saltzeari ekin zioten.

Hortaz, datorren ostiralean aterako den diru guztia Sanzen osasun gastuetara bideratuko dute. Musu truk arituko diren Portland San Antonio eta Teka Cantabria taldeen artean partidarako sarrerak bost eurotan eskuratu ahal izango dira. Gainera, sarrerek erloju baten eta Bilbao Basketeko eta Athletic Clubeko jokalarik sinatutako jantziren eta baloiren zozketan parte hartzeko aukera emango dute.

Bestalde, lagundu nahi dutenei Santander Central Hispano banketxearen 0049 4805 19 2195047109 kontu korrontean dirua sar dezaketela gogoratu die Romoko eskubaloi taldeak.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun