Ez da fatalitatea, baizik eta erabaki politiko baten ondorioa, afrikarrak itotzea Mediterraneoan patera bat hondoratzen den bakoitzean.
Ez da patua, baizik eta politika ekonomiko diruzalearen efektua, dozenaka langile hiltzea hilero lantokian eta gehienak izatea, kasualitate, azpikontratatuak edo behin-behineko langileak.
Ez da zorte txarra, baizik eta bankuetxeen politika diru-gosearen ondorioa, familiak itota egotea hipotekaren erruz, hainbat pertsona kale gorrian egotea, txiroen kopuruak urtez urte gora egitea.
Ez da istripu soila, baizik eta zinismo ariketa maltzurra, astero-astero milioika kilometro eginarazi ondoren -munduari hogei bira emateko beste kilometro alegia-, ez onartzea errepidean ezbeharra izateko arriskua biderkatu egiten dela.
Bortizkeria guztiak ez daude lotuta eraso fisikoarekin. Galdetu bestela haurrari ea ez ote zaion bortitzagoa amaren mesprezua eta mimorik ez ematea noizbehinkako zaplaztekoa baino. Eraso fisikoa da umeari ezar dakiokeen bortizkeria bakarra?
Dekretu batek indarkeria izugarria eragin dezake; bortitzak izan daitezke legeak, itunak, arauak.
Armaz hiltzea bortitza da noski, eta bonbak jartzea ere bortitza da; bortitzak dira bahiketa eta mehatxua. Eta bortizkeria arbuiagarria dela esaten diegu seme-alabei. Begibistako bortizkeriak dira, ukatu ezinekoak. Baina, halaber, esaten diegu hitzak ezpatak bezalakoak direla zauritu nahi denean; kidea iraintzea eta kidea jotzea gauza bera dela, hitzek munizioa dutela, jarrera erasotzaileak eta erasoa bera ez direla oso desberdinak, eta jokamolde batek kolpeak haina mindu dezakeela.
Esaten diegu bortizkeria handiena injustizia dela eta, tamalez, erabaki injustuek bortizkeria eragiten dutela, hemen eta edonon, justizia ezartzeko bide baketsu guztiak ixten direnean.
Tiroa ematea bezain bortitza da atzerritzar pobreei mugak ixtea, nahi ez ditugunak ilegalizatzea, kolektibo zabalak miseriara kondenatzea, identitateak ukatzea, kulturak debekatzea, legea nahi den neurriraino bihurritzea, aberatsak aberatsago eta txiroak txiroago izateko legeak ezartzea. Hori guztia ere bortizkeria da. Eskurik zikindu gabe, eskularruak jantzita, sinadura soil baten bidez, legea ezarrita, itunak eta tratatuak indarrean jarriz, ahotsa altxatu barik, moketaren gainean, hedabideen konplizitatearekin, botere faktikoek babestuta, telebistaren aurrean... eta «istripua» dagoen bakoitzean fatalitateari eragotzi errua. Auzo lotsa sentitzeko modukoa da.
Laura Mintegi idazleak atzo "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua.