Fernando Etxegarai presoa kaleratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 5a, 20:04

Fernando Etxegarai Gaztearena, Plentziako preso politiko bakarra, atzo gaueko 22:00ak aldera atera zen Pontevedrako A Lamako espetxetik, 20 urte baino gehiago gatibu eman ondoren, zigor osoa beteta. Senideentzat ezustekoa izan zen, orain dela hilabeteak urtarrilaren 4an kaleratze eguna finkatuta izan arren, azken aldian horri buruzko berririk ez zutelako eta baita egun horretarako bisita eman zietelako. Izan ere, beldur ziren azken hileotan hain zabalduta dagoen Parot doktrina Etxegarairi ere ez ote lioketen aplikatuko. Gauzak horrela, bisitan albistea ezagutu ondoren Fernando itxaron zuten 22:00etan kaleratu arte eta berarekin egin zuten itzulera. Gaur goizaldeko ordu txikietan Etxegarai Euskal Herrian sartu da. Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bidez jakinarazi duenez, Fernando 1987ko apirilaren 24an atxilotu zuten, eta urte hauetan guztietan espetxe ugaritik pasatu da: "legearen aplikazioaren arabera, baldintzapeko askatasunean 2002ko apiriletik kalean izan beharko litzateke, baina behin eta berriro salatu den bezala, praktikan, euskal preso politikoek ez daukate baldintzapeko askatasunaren eskubiderik ere".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun