Sopeloztarrek beraiek itaun asko (2.456) egin badituzte ere, galdeketa gehien egin duen multzoa Bizkaiko beste udalerrien biztanleena izan da (2.608). Berriz, Araba (56), Nafarroa (45) eta Gipuzkoako (77) herritarrak ia ez ziren hurbildu Sopelako Turismo Bulegora, 178 galdera baino ez baitzituzten egin. Behe-nafarren, zuberotarren eta lapurtarren datuak, ordea, ez du eskaini udal erakundeak eta Sopelako Udalak "atzerritarren" multzoan kokatu dituenen artean, hots, Espainiako Estatutik kanpokoen artean, bilatu beharko lirateke. Bertan "frantziarrak" 520 izan dira, gehiengoa, ondoren Britainia Handikoak (340), alemanak (223) eta italiarrak (195) egon direla. Multzo osoari dagokienez, 1.859 itaun egin zituzten horiek eta beste nazioetako "atzerritarrak".
Espainiako Estatutik etorritakoek, berriz, 892 galdera egin zituzten. Haien artean nagusiak izan ziren Herrialde Katalanetakoak (395) eta Gaztelakoak (313), nahiz eta bertan Leongoak ere ageri.
Turismo Bulegora hurbildu diren lagun gehienek 27 eta 45 urte artean zituzten eta Sopela, Bizkaiko kostaldea eta Uribe eskualdeari buruzko informazio eske joan dira, hurrenez hurren. Turismo aktiboari buruzko xehetasunak eskatu zituzten gehienek, bai eta leku interesgarri, kultura eta kirol jarduerak, garraiabide eta ostatuei buruzko azalpenak ere. Informazio orriak, plano eta kaleen izendegiak hartu zituzten bulegoetan.