Ehunaka lagunek egin diete ongi etorria Txomin Gezuraga eta Josu Rodriguezi

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 5a, 23:18

Algorta, Getxo, Berango eta inguruko herrietako ehunaka lagun, 500dik gora, batu ziren atzo Algortako Txiki eta Otaegi plazan pasa den hilabetean kaleratutako Txomin Gezuraga eta Josu Rodriguez gazteei ongi etorria emateko. Ekitaldia 19:30ak pasatuta hasi zen, "Anjel Figueroa, S.O.S." salatzen zuen pankarta erraldoiak plazan nagusitzen zela. Ez zen hori izango gaixotasun larria eta sendaezina duen Algortako presoari buruzko aipamen bakarra, izan ere AAMko kideek, Gezuragak eta Rodriguezek Figueroarekin eta beste preso politiko gaixoekin gogoratzeaz gain, Laura Mintegi Figueroaren laguna, idazlea eta Anjel Kalera! herri ekimeneko kideak gogoratu zuen Anjeli Gurutzetan egindako burmuin-ebakuntza eta zelan ordutik hona txarrago dagoen. Era berean, egoera horren aurrean bere etxekoek, lagunek eta hainbat algortarrek "Anjel etxera ekartzeko" sortu duten plataformaren berri eman eta Figueroaren aldeko ekimenetan parte hartzera deitu zuen. Argazkian, Txomin Gezuraga hitz egiten, atzean Josu Rodriguez eta presoen senideak dituela.

Eskerrak Olentzerori

Ekitaldian zehar, Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren ordezkariak, gazte independendistak, bertako musikariak, dantzariak, txalapartariak, bertsolariak eta presoen senideak izan ziren Txomin Gezuraga eta Josu Rodriguez "Nekora"ri ongi etorria ematen eta babesten. Hasieratik, "Hator, hator" abestiarekin ekin zioten ongi etorria ospatzeari eta presoen argazkiak eskuan igo ziren Berango eta Algortako preso politikoen senideak, aurrean Gezuraga eta Rodriguez zituztela. Ondoren, azken sei hilabeteko errepasoari ekin zioten AAMko kideek, Marian Perez del Riori egindako ongi etorritik atzora arte "gero eta preso gehiago" daudela Algortan eta Berangon baieztatuz: urriko sarekadako guztiak, Paul Asensio, Saioa Santxez, Haimar Hidalgo, Marije Fullaondo... Baina, errepresioa atxiloketez gain tortura, auzi politikoak eta frogarik gabeko zigorrak ere ekarri dituela gogoratu zuten. Halere, Olentzerori eskertu zioten Gezuraga eta Rodriguez ekartzean egindako oparia.

Ondoren, Gezuraga eta Rodriguez beraiek hartu zuten hitza. Urduri, paperari eutsi zioten aurretik prestaturiko mezu laburrak irakurtzeko. Atzean utzitako ziegakideak eta euskal preso guztiak gogoratu zituzten, batez ere preso gaixoak eta Anjel Figueroa algortarra eta guztien askatasuna eskatu zuten, baita horren eta Euskal Herriaren alde borrokatzeko deia egin ere. Ondoren, aurreskua dantzatu ostean, txapela eman zieten. Geroago askatasunaren giltza emango zieten bezala.

Ziegatik gutuna

Plazan bilduta zeuden askorentzat, baina, unerik hunkigarriena ondoren heldu zen, Txomin Gezuraga eta Josu Rodriguez "Nekora"ren hainbat lagun presok idatzitako gutuna irakurri zutenean. Besteak beste, Mikel De Gregorio, Gorka Oribe, Joseba Elorriaga eta Juan Bautista Galdiz "Batxi"k "funtzionarioen begiradapean" idatzitako testuan bi kaleratuek atzean utzitako lagunak zerrendatu eta "bertako giroaren parte" izateko nahia adierazi zuten: "begiak itxi eta gu ere hor gaude". Dena den, bildutako guztientzat agindu bat gorde zuten: "gaur jaia, bihar borroka eta etzi garaipena", txalo zaparradan jaso zutena.

Ostean, Algortako Bertsolari Eskolako Itxaso Paya, Peio Etxebarria “Bonbero” eta Ekaitz Larrazabal "Katxo" bertsolariek kaleratu berriei bertso bana abestu zietan. Etxebarria penatu egin zen barruan gelditutakoengatik: "Ongi etorri, Txomin ta Josu / alaitu gara erabat / kartzel barruan luze egiten / ei dira egun ta gabak / danok daukagu buruan izenak / badira hainbat ta hainbat / ongi etorri bat ospatzean / barruan lotzen direnak". Larrazabalek airean utzi zuen galdera bat ("Nor ez da pozten gure herrian / zuek biok agertzean?") eta baieztapen bat: "hamen bakerik ez da egongo / guztiak ekarri ezean". Payak, Larrazabalek hasitako bidetik, "gerra eskatzen duteneei gerra / emateko ordua heldu da" amaitu zuen, ordea.

"Bidean galdu ditugun lagun guztiei"

Data hauek, gabonetako egunak, familiarekin etxean pasatzekoak izaten ohi direla gogoratu zuten AAMren ordezkariek, Euskal Herrian hainbesteentzat ez dela horrela gogoratu ere. Baina, preso gaixoen kasuan hutsunea handiago eta mingarriagoa dela ekarri zuten gogora, sendaezinak diren hamabi euskal preso politikoengan eta, batez ere, Anjel Figueroarengan pentsatuz, bere azken krisialdiaren ostean. Orduan igo zen Laura Mintegi Anjel Kalera! ekimeneko kidea, Figueroaren gisa eskubideak bermatzeko helburu duen herri ekimeneko kideen esperantza zabaltzera: "Anjel libre nahi dugu Euskal Herri aske batean". Oholtzan, Astintzen eskualdeko musika taldeko gitarra den Gorka Rodriguez eta abeslari sopeloztar batek erreleboa eman eta Ken Zazpiren "Zapalduen olerkia" abestu zuten.

Euskal Herrian "bezain beste preso politiko" inon ez dagoela "ezta proportzioan ere" baieztatu eta hainbat bortxakeria ekintzak salatu zituzten, tartean, torturak, fidantzak eta "senideak eta lagunak erailtzen dituen dispertsioa". Horiekin amaitzera deitu zuten orduan AAMko kideek, amnistia dela medio. Horren ostean, arrantzalez jantzitako makina bat gazte igo ziren orduan oholtzara, eta presoen defentsan lekukoa hartu zieten senideei, erretratuak hartu eta plazan haiekin ikurrin dantzan aritzeko.

Bestalde, AAMko kideek egun Getxo udalerrian hogei preso eta Berangon beste zortzi daudela nabarmendu zuten, baina laster gazte batzuen aurkako epaiketa, Amnistiaren Aldeko Batzordeak eta Askatasunaren aurkakoa eta bestelakoak izango direla aurreratu zuten. Izan ere, Espainiako eta Frantziako estatuek errepresioaren hautua egin dutela baina aurrera egin behar zaiola argudiatu zuen. Ildo horretan, Etxeratek konpromisoak eskatu dituela gogoratu zuten. Ekitaldia "Eusko Gudariak" abestu ostean amaitutzat jo zuten, eta herria manifestazioan zeharkatu arte, luntxaz gozatu zuten ehunaka pertsonek Algortako Amnistia tabernan.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun