Etxebizitza arloan Udal Gobernuak mantentzen duen "pasibotasuna" frogatzeko, Ruizek gogoratu du 2008rako berriki onartu den aurrekontuan etxebizitzarako aurreikusitako gastu osoa 1.563 eurokoa baino ez dela, eta "barregarritzat" jo du.
Baina, hortaz landa, Erandioko Udal Gobernuak etxebizitza arloari emandako erantzun "ez-eraginkorra" egiaztatzeko beste datu batzuk azaldu ditu Javier Ruiz popularrak. Alde batetik, egungo hirigintzako plangintza garatzeko "ezintasuna" eta, zehazki, babestutako etxebizitza kopuru garrantzitsua eraiki behar duten aurreikusitako promozioak, Astrabuduako C2 edota Erandio Landako J sektoreak kasu. Gainera, Ruiz kezkatuta agertu da "EAJk administrazio izapidetzeetan
jarraitzen dituen onarpen erritmoak kontuan hartuz nekez argitaratuko dira legealdi honetan" Erandio Landako babestutako etxeen esleipenak. Beste aldetik, Erandio Landako 29. ekintza eremuan aurreikusitako giza etxebizitzen promozioa aurrera eramateko "borondate eza" leporatu dio Udal Gobernu Taldeari. Nahiz eta, beharrezko "lurraren zati handiena orain dela urteak erosi zuen Udalak".
257.000 euroko etxebizitza ordaintzeko 120.000 baino ez
Era berean, babestutako etxebizitzaren beharra Udalak berak eskatutako ikerketa batean jasotzen zela gogoratu du bozeramaile popularrak. Ikerketa horretan aipatzen zenez Erandioko etxebizitzen %14 baino ez zen Babes Ofizialeko Etxebizitza (BOE). Txostenean jasotako beste datu batzuk ziren udalerriko auzokideen %60k etxebizitza eskuratzeko askoz jota 120.000 euro ordaindu ahal izango zuela eta, berriz, %4k baino ez zuela gehienez jota 200.000 eurotara helduko etxea erosteko.
Horrekin batera, Ruizek kritikatu du azken urteotan Mikel Arieta-Araunabeña alkateak eta EAJk egindako udal kudeaketa, "dagoen beharra" asetuko lukeen babestutako etxebizitzak eraikitzeko lurra ez duelako erosten.