Elliot Murphyk kontzertua emango du urtarrilaren 16an Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 8a, 09:44

Elliott Murphy musikari estatubatuarra Euskal Herrira itzuliko da datozen egunetan eta hiru kontzertu eskainiko ditu bere bira berriaren barruan. Lehenengoa Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) Leioa eta Erandioko campusean izango da, urtarrilaren 16an (12:00etan, Areto Nagusian); Bilboko Euskalduna Jauregian izango da hurrengo hitzordua, hilaren 20an; eta bukatzeko, Galdakaoko Torrezabal kultur etxean joko du hilaren 25ean, Serrano Produkzioek iragarri dutenez. New Yorkekoa izanik, Parisen bizi da Murphy, musikaren multinazional handienetatik at. Askoren ustez rock munduko musikagilerik grinatsu, jantzi eta azkarrenetakoa da eta jarraitzaile ugari ditu, besteak beste, Peter Buck (REM), Lou Reed, Tom Petty, John Mellencamp eta Elvis Costello. Bere azken diskoetako batean Bruce Springsteenek parte hartu zuen, eta horrek Parisen jotzen duen bakoitzean Murphy gonbidatzen du eszenatokira igotzera.

1973tik hona, Murphyk 29 disko argitaratu ditu eta kritikoek erantzun ezin hobea eman diote guztiei. "Aquashow" izeneko lehenengo diskotik 2007an argitaraturiko "Coming Home Again" lanera heldu arte, Elliott Murphyk estilo berezko eta jatorrari eutsi dio. Irudi poetikoek, istorioak kontatzeko maisutasunak eta arimaren barrunbeei begirako hitzek Murphyri jarraitzaile sutsu mordoa ekarri diote AEBetan. Europan, berriz, izar bihurtu dute. Berak gogoratzen duenez, "han inork ere ezagutzen ez ninduelakoan nengoen, Parisen emandako lehenengo kontzertuan sei bis eskatu zizkidaten arte".

Musika eta literatura

Gaur egun, Elliott Murphy Parisen bizi da bere emazte Françoise eta bere seme Gaspardekin, eta etengabe ari da kontzertuak eta birak egiten. Musika sortzeko ahalmen itzela alde batera utzirik, ipuin bilduma bat eta hainbat hizkuntzatara itzulitako eleberri bat -"Hotza eta Elektrikoa"- ere idatzi ditu. The Velvet Underground-en "69 live" diskoaren azalek oharrak ere idatzi zituen. "Literatura nire erlijioa da -esan zuen Murphyk orain gutxi egindako elkarrizketa batean-, baina mendekotasun batek jota nago: rock and roll-ak, alegia". Hala ere, bere ibilbide artistikoan dena ez da musika eta literatura izan. Horrela, 1972an agerraldi laburra egin zuen Fellini handiaren "Roma" filmean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun