Sopelako Udalak herriko toponimia bildu, sailkatu, kokatu, aztertu eta finkatzeko beka deitu du. Horren zenbateko osoa 18.000 eurokoa izango da, eta zati bat bekaren zuzendaritza lana ordaintzeko erabiliko da. Lana egiteko epea 12 hilabetekoa izango da, beka esleitzen den egunetik hasita. Udal sopeloztarreko iturriek adierazi dutenez, emandako dirua ez da ikerketaren ordainsaria izango, ikerketa lana egiteko laguntza baizik. Azken txostena euskaraz aurkeztuko da eta horren laburpena ele bitan, eta
Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateko Euskara Zerbitzuaren ardurapean burutuko da,
Euskaltzaindiaren gidaritzapean. Eskatzaileak (edo lantaldea bada, kideetako batek gutxienez) Euskal Filologia ikasketak burututa izan behar ditu, edo Historia ikasketak burututa edo azken kurtsoan egon behar du. Historiako ikasketak izanez gero, euskal hizkuntzalaritzan ezagupen eta trebakuntza ere egiaztatu beharko du. Argazkian, Gatzarriñe eta Iberre kaleen arteko gurutzagunea Larrabasterran.