Orain dela zortzi urte Leioako Udaleko alderdi politiko guztiek Avanzadaren estaltzea -oraindik zabalik dauden guneak- eta Bilborako norantza duen aldeko bidetik (Luis Bilbao Libanoraino) Sabino Arana kaleraino luzatuko litzatekeen oinezkoentzako gunea sortzea suposatzen zuen proiektua onartu zuten. Ordutik hona ugariak izan dira alderdi politiko ezberdinek aurkeztutako proposamenak; baita auzotarrenak ere. "Trafikoaren bilakaerak eta Leioako hirigintza garapenak gaur egun are beharrezkoagoa egiten dute proiektu honen gauzatzea, orain dela zortzi urte adostutakoa oinarritzat hartuta gure herriak egun bizi duen egoerara egokituz. Avanzada Lamiakoko loturatik Artatzako errontondara arte guztiz estaltzeak Leioa berri bat posible egingo luke, bitan zatitutako herria izateari utziko lioke, oinezkoentzako gune zabal bat izango luke, neurrigabekoa den eta legez kanpo egon daitekeen kutsadura akustikoarekin amaituko litzateke… asko dira justifikatzen duten arrazoiak", adierazi dute behin eta berriro orain gutxi osatutako Avanzada estaltzearen aldeko plataformak. Hain zuzen, sinadurak batzen ibili dira azken asteotan, aldarrikapen hori mozio herritar gisa udaletxera eramateko.
Ekimen zehatzak
Azaroaren 29an Leioan izandako udal batzarrean ere, gaur aipatutako "baldintza teknikoen araberako" konponbideaz berba egin zuen tokiko gobernuko jabe den EAJk, Avanzadaren auziari irtenbidea emateko asmoz, Bizkaiko Foru Aldundiarekin harremanak berrartzea babesteko. Aurretik, "Avanzadarekin leporaino bustiko" zirela esanda zeukan Eneko Arruebarrena alkateak. Hori bai, eurena ezean, "ardura Aldundiarena" dela aipatuz. Alabaina, burubidea ez zaie "nahikoa" iruditzen Avanzada estaltzearen aldeko plataformako kideei: "konpromiso zehatzak eta hauek aurrera eramateko aurrekontu sailak dira behar direnak", diote.