Torturaren aurkako elkarretaratzea egingo dute ostiralean Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 9a, 21:09

Igandean Arrasaten (Gipuzkoa) atxilotu zituen Guardia Zibilak Igor Portu eta Mattin Sarasola gazte lesakarrak, ETAko kide izatea egotzita. Portu Donostiako Ospitaleko zaintza intentsiboko unitatean ingresatu behar izan zuten astelehen goizean, larri. Erietxean egindako osasun parteak agerian utzi du, besteak beste, saihetsak hautsita dituela eta birika zulatuta. Halaber, kolpeen zantzuak ditu gorputz osoan. Berria egunkariak plazaratu duenez, Sarasola ere zaurituta dago. Dagoeneko atzo herri askotan burutu ziren mobilizazioak, Amnistiaren Aldeko Mugimenduak deituta, guzti horiek salatzeko. Ostiralean, berriz, Algortako Telletxe plazan egingo dute elkarretaratzea, 20:00etan. Hain zuzen, EAJ, PP, PSE-EE eta EBren botoekin, "ETAren aurkako borrokan diharduten indar armatuei eta Ertzaintzari babes osoa emateko" Getxoko abenduko udal batzarrean onartutako mozioa gogoratu du tokiko AAMk: "Ez da harritzekoa, alderdi legeari, ilegalizazioei babesa ematen dioten bezala, lege antiterroristari babesa ematea. Horretan ari dira eta. Tortura ez baita azken eguneko gertakaria. Ez da Igorrekin aztarna nabarmenak utzi dutela. Ez dira Igor, Mattin, Lupianez… bakarrik. Uribe Kostan ere badaukagu horren berri: kontrolak, jazarpena, tortura, muntaia polizialak...", adierazi dute Etengaben. Argazkian, azken deialdietako kartela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun