Etxebizitza duinaren aldeko eskakizunean "buru-belarri murgiltzera" deitu ditu gazteak Itzubaltzetako Segik

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 9a, 22:23

Itzubaltzeta / Romoko Segik etxebizitza duina lortzeko eskakizunean 2007an burutu dituen ekimenen (argazkiak Gaztesarean) errepasoa egin du. Honi ekin ziotenetik gaurdaino buruturiko ekimen esanguratsuenak bildu dituzte gazte independentistek. Hain zuzen, ekintza guzti horiekin "lorpen handienatzat" jo dute "herriko gazteria nolabait arazoaren jakitun jarri izana". "Horren adibide da Gazte Asanbladak bere gain hartu duela herriari eta ez soilik gazteria independentista antolatuari dagokion borroka hau", adierazi dute. Gauzak horrela, Itzubaltzeta / Romoko neska-mutilei "borroka honetan buru-belarri murgiltzeko deia" zabaldu diete, "Gazte Asanbladan parte hartuz eta guztion artean etxebizitza duina izateko eskubidea errealitate bilakatuz". Bestalde, etxebizitza duinaren alde, ostiralean Bilboko Guggenheim museotik iluntzeko 19:30ean abiatuko den manifestazioan parte hartzera deitu du Segik.

Itzubaltzeta / Romoko Segiren oharra:

Iazkoa urte emankorra izan zen Itzubaltzeta / Romoko gazte independentistontzat. Borrokak borroka, etxebizitza duinaren aldekoak garrantzi berezia izan zuen gure herrian. Euskal Herriko beste hamaika txokotan bezala, gure herrian ere kapitalismoak eragindako espekulazioa izan genuen hizpide eta salgai.

Itzubaltzeta / Romon, azterketa sakon baten ostean, arazoaren muinarekin topatu ginen azkar asko; eraikitzeko lurrik gabe, gazteok pairatzen dugun arazoa espekulazioak prezioetan duen eraginaren ingurukoa zela hausnartzen hasi ginen. Zehazki, alokairuaren eta metro koadroaren prezioekin talka egin genuen, 800 euro eta 4.800 euro, hurrenez hurren.

Hura abiapuntu gisa harturik, eta jasan ezintasun hori salatu asmoz, gazte independentistok kalera jo genuen. Hasieran kontzientziazio eta informazio ekimenen bidez, herriko gazteria arazoaz jabe zedin lan egiten hasi ginen. Hainbat ekimen eta kanpaldi burutu ostean, salaketa fasean murgildu ginen erabat.

Salaketaren helburu nortzuk eta zergatik ziren argi utzi beharra zegoen ordea. Eta hala, kalera jo genuen berriz ere. Higiezinen agentziak, banketxeak eta alderdi politikoak zein instituzioak ezarri genituen jo puntuan, eta hamaika ekimenen ondotik uzta oparoa jaso genuela esan genezake.

Lorpenik handiena, ordea, herriko gazteria nolabait arazoaren jakitun jarri dugula dela esan daiteke. Horren adibide da Gazte Asanbladak bere gain hartu duela herriari eta ez soilik gazteria independentista antolatuari dagokion borroka hau.

Higiezinen agentziak

Enpresa eraikitzaileak eta higiezinen agentziak dira etxebizitzaren arazoan espekulazioa modurik gordinenean praktikatzen dutenak. Nahi bezala egin eta desegiten dute, eta instituzioen babesarekin prezioak ezartzen dituzte; gazteriarengandik inoiz baino urrutiago eta eskuragarri ezinago dauden prezioak, alegia. Arestian esan bezala, Itzubaltzeta / Romon etxebizitza baten alokairua 800 eurotan dago, eta metro karratua aldiz 4.800 eurotan. Horrela, azaroan gure herriko higiezinen agentziak "markatu" genituen. Silikona bidez sarrailak estali eta pintaketak egin genituen haien erakusleihoetan. Higiezinen agentziekin etorkizunik ez!!

Banketxeak

Banketxeek eta aurrezki kutxek erruaren zati handia dute gazteok pairatzen dugun egoeran. Hamarkada luzetako hipoteketan itotzera behartzen gaituzte etxebizitza erosi nahi izanez gero, eta gure kontura aberasten dira inolako lotsarik gabe. Hau salatu asmoz, Kolas plazan dagoen BBVA banketxea itxi genuen iragan irailean.

Ekimen deigarriak

Herriaren arreta modu deigarrian jaso asmoz, ekimen deigarririk ere egin izan genuen. Tartean, eta ikusgarriena izan zena, Bizkaibuseko autobusean egindakoa (argazkian). Bi lagun autobus gainera igo eta pankarta erraldoia zabaldu ostean, bengala bana piztu zituzten. Hiru minuturen bueltan handik jaitsi eta autobusak bere bidea jarraitu zuen.

Kanpaldiak

Gazteok kapitalismoaren erruz kalean bizitzera beharturik gaudela salatzeko, kanpaldiak egin genituen uztailan eta azaroan, Kolas plazan lehenik eta Ibaiondo kalean gero. Bertan, herriko jende ugariren babesa jaso genuen, baita borroka honetan jarraitzeko kemena eman ere. Kanpaldiak egun osokoak izaten ziren, eta etxebizitza kalera ateratzen genuela antzeztean zetzan antzerkitxoak: altzariak, janaria, telebista...

Muralak eta pankartak

Martxoa eta apirila bitartean, kaleko kontzientziazioaz gain (kartelak, esku orriak...), pankarta erraldoiak eta muralak jarri genituen herrian zehar.

Alderdi politikoak

PNV, EA, IU, Aralar, PSE, UMP? gure prekarietatearen errudun politikoek izen-abizenak dituzte. Instituzioetan duten boterea nahierara maneiatzen dute, eta etxebizitzaren arloan ere etekinak ateratzen saiatzen dira behin eta berriz, gazteok pobreziara bidaliz. Haien erabakitze ahalmena medio, gazteriaren alde egin ordez, gazteria negozio bezala erabili eta gure eskubideekin diru trukean aritzen dira haien eta enpresa eraikitzaileen artean. Onartezina da haien burua demokratikotzat dutenek burutzen duten joko zikin eta zekena. Argi izan dezatela ildo horretatik jarraituz gero gazteria antolatu batekin topatuko direla aurrez-aurre, etxebizitza duina izateko eskubidea borrokatuz.

Abenduan, antzerkitxo baten bidez salatu genuen alderdion jarrera. Areetako metro geltokiaren sarreran esku orriak banatzen aritu ginen politikari zekenez mozorroturik, eta bien bitartean zenbait gaztek euren etxebizitza duin baterako eskubidea aldarrikatzen ziharduten. Alderdi politikoekin etorkizunik ez!
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun