Urteak dira aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak beraien aholkularitza informeetan, liburu zurietan, berdeetan eta adituenetan, bide azpiegiturak trafiko itoa ekiditeko bermea ez direla adierazi zutela. Hemen, eta mundu osoan, autoen matrikulazioa eta errepideen okupazioaren erritmoa, errepide, autobia eta autobideena baino azkarragoa da, horren adierazle dira Bilbo Handia eta Donostialdea. Errealitate gordinak zera diozku: Txorierriko eta Uribe Kostako korridoreak, eta Bilboko sarrerak bizkortzeko eraiki diren tunel eta sarbide berriak ez direla auto pribatu zein kamioen kopuruak egin duen gorakadari erantzuna emateko nahiko.
Lopez de Gereñu eta Santa Cruz apaiza
Gipuzkoako Aldundiko adituek adierazi dutenez, Maltzaga-Urbina errepidea, Donostialdeko ingurabideak eta A8ko hiru erreiak martxan jartzean ere, zirkulazio-samaldak oraindik ere mantenduko dira, tamalez, aurreikusten duten auto zein kamioien zirkulazioa izugarria izango baita. Ondorioz, oker gabiltza guzti horren irtenbidea AHT izango dela uste badugu. Eusko Jaurlaritzako mugikortasun ikerketek hiru hiriburuen artean egunero mugitzen den pertsona kopuruaren portzentaia minimoa dela diote, eta prezioa eta geltoki eskasak direla eta AHTko balizko erabiltzaile kopurua are txikiagoa.
Gogorrena, AHTren aldekoek eta hauen artean Nuria Lopez Gereñuk , AHTren alde ez egotea errepide bidezko garraioa betiko bihurtzearen alde izatea argudiatzea da. AHTren aurkako mugimendua Santa Cruzeko apaiza eta XIX. mendean trenak eta geltokiak erasotzen zituzten karlista antiliberalekin parekatzen dituzten adierazpenak irakurri eta entzuteko aukera ere izan dugu.
Trenaren alde
Trena, gure gizartean dugun garraiobide ekologiko eta ekitatiboena dela eusten jarraitzen dugu. Tren gehiago eta hobeak nahi eta behar ditugu. Feve, Euskotren eta Renfe zerbitzuak hobetu behar dira, eta proiektu berriak martxan jarri. Halaber, Lezamako trena Durangaldekoarekin lotu Usansolo edo Zornotzatik. Urteak daramagu hau eskatzen.
Ez da bidezkoa garraioen berrikuntzaren aurka daudenak egungo egoeraren arduradunak direla esatea. Gure gizartea hazkunde ekonomiko eta merkatal nahi eta lehentasunen menpe dago. Petroleoa, zementua eta autogintzak botere handia dute egun, hemen. Dena den egoera ero horren irtenbidea ez da gizarte eta ekologian eragin izugarria duen, ez eta herri eta hirien arteko desoreka bultzatzen duen garraiobide elitista baten aldeko apustua egitea, Euskadiko Yaren kasua den bezala. Ekologikoki eta sozialki bidezkoa eta erantzulea dena, trafikoa gutxitzea da. Pertsonen erabilerreztasuna hobetezea, horretarako, mugikortasuna sustatu gabe. Motorrik gabeko edo taldekoak diren garraiobideen erabilpena suspertzea. Autoak konpartitzeko, garraiobide publikoak eta bizikletak erabiltzeko edo oinez mugitzeko pizgarri ekonomiko eta fiskalak eskaintzea. Baina aukera guzti hauek ez dute etekinik sortzen eta hau da, batez ere, AHTren eraikuntzaren kudeatzaileek lortu nahi dutena.
Garraioekiko drogamenpekotasuna
John Whitelegg, Liverpooleko garraio iraunkorraren irakasleak, auto erabiltzaileen ohiturak drogazaleek izaten dituzten jarrerekin alderatzen zituen. Euskal ekologistak, 2000ko irailaren 22an, kotxerik gabeko lehen egunaren ospakizunean honakoa adierazi zuten parekotasun horretan oinarrituz: garraioen arduradun politikoak, errepide azpiegituren yonkiak dira. Super Sur delakoa eta Maltzaga-Urbina, geratzen zitzaien azken dosia bezala saltzen zuten Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. Baina, errepide, autobia eta autobide berriak eraikitzeko proiektuak ez dira eteten, eta AHT ez da errepide/heroina menpekotasunetik irteteko metadona. Garraio politikek irizpide ekonomikoak, ingurugiro, gizarte, kultura eta herrialde ordenaren gainetik jartzen jarraitzen dituzten bitartean, AHT errepide bidezko garraioaren arazoa pairatuko duela entzutea eta, drogaz betetako poltsa duen drogazale bati mundu hori utziko duela esaten entzutea, gauza bera izango da. Gure sistema politikoa garraioen poli-toxikomanoa da. Gaur egungo egoeraren errudunak bere abstinentzia sindromea arintzeko diru gehiago eskaini nahi ez dugunok gara.
Iñaki Barcena EHUko irakasle eta Ikertzailea eta Ekologistak Martxan taldeko partaidea