“Uribe Kostaren etorkizuna: berdintasun eta iraunkortasunerako lurraldea” lelopean Urdulizen azaroaren 9an eta 10ean antolatutako jardunaldien ostean, orain, mapan jaso nahi ditu errealitate guztiak Uribe Kostako Zerbitzu Mankomunitateak. Orduan, orain arte albo batera itxi izan den errealitatearen ikuspegi bat, emakumeena, aintzat hartu zuten mugikortasuna, irisgarritasuna, gune publikoetako segurtasuna, lana eta norberaren zein familiaren bizimodua bateragarri egiteko ahalegina, umeak eta adinekoak zaintzeko ardura konpartitua, ekipamenduak, ingurumena... eta lurralde honetako herritarren eguneroko bizimoduari eragiten dioten beste gai batzuen inguruan hausnarketa egiteko. Azken batean, mankomunitatea osatzen duten zazpi udalerriotako bakoitzean ahuleziak antzemateko. Hain zuzen ere, aurreko jardunaldietan diagnostikatu ziren beharrak, aldaketak edo hobekuntzak, edo aipatu gabe geratu zirenak fisikoki kokatu nahi dituzte mapa horretan, kontuan har daitezen. Tailerrok urtarrilaren 18ko eta urtarrilaren 25eko asteburuetan egingo dira. Oraindik ez dira zehaztu orduak eta lekuak, baina parte hartu nahi duten emakume guztiek hilaren 16a baino lehenago adierazi beharko dute.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!