Urtarrilean zehar Saharara bidaltzeko jakiak eta konpresak batuko ditu
Urdulizko Udalak. Zehazki, konpresez gain, atun oliotan, azukrea, arroza eta dilistak izango dira batuko direnak, basamortuko baldintzetan pisu gutxien eta elikagai gehien dituzten jakiak direlako, era berean erraz kontserbatzen dira ongi. Hortaz, astelehenetik ostiralera, 9:30etik 13:30era, udaletxean eman ahal izango dira aipatutako produktuak. Horretaz gain, beharrezkoak dira ekarpen ekonomikoak, beraz, nahi duenak bere donazioa egin dezake horretarako beren-beregi zabaldu den kontu korrontean. Interesa daukaten guztiek udaletxean topatuko dute horren gaineko informazioa. Ekimena Tindufera abiatuko den Sahararen aldeko IV. Euskal Karabanaren "Piztu itxaropena" izeneko kanpainaren barruan kokatzen da, Sahararen Aldeko Euskal Elkarteak antolatuta. Karabana otsailean abiatuko da. Argazkian, elikagaiak eramateko Euskal Karabanak erabiltzen duen kamioietako bat.