Yahaira Agirre Espainiako judo txapelduna izan da 15 alditan baino gehiagotan kategoria desberdinetan, 57 kiloz azpikoetan. 2008ko bere lehen erronka nagusia Madrilen urtarrilaren 26an eta 27an jokatuko den Espainiako Txapelketa izango da. Bestalde, Pekingo Olinpiadatarako ordezkoa da eta, geroari begira, 2012an Londresen jokatuko diren olinpiadak ditu jomugan.
Imanol Landa alkateak, bere aldetik, lehen gala horren arrakasta nabarmendu zuen, esanez gainera, “behar beharrezko zela holako gala bat urtean zehar kirolariek ereindako uzta jasotzeko, eta udalerrian kirolaren alde lan egin duten pertsonen kiroltasuna eta kirola berritzeko eginahala eta ibilbidea eskertzeko ere”. Udal agintariak gehitu zuen beharrezkoa dela talde eta kirol elkarteekin lan egin eta beren lana aintzat hartzea, “Getxon kirola osasuntsu egotea ahalbidetzen dutelako”.