Kasune kaleari dagokionez, asteazken eta larunbatetan azoka izaten denez eta, ondorioz, jende eta auto asko ibiltzen denez, Arregik aurreratu du egungo aparkatzeko sistemak bere horretan jarraituko duela. Hau da, kaleko eskumako aldean bateriako aparkamenduak utziko dira, hori bai, "okertuagoak" autoek bideari zati txikiagoa jateko, eta 2,30 metroko zabalera duen espaloia geratuko da. Ezkerreko aldean lerroko aparkalekuak izango dira 2 metroko zabalera duen espaloiaren alboan. Hirigintza zinegotziak zehaztu duenez, pasa den abenduan onartu zuten proiektua eta, "hortaz, azken egunetan hainbat auzokidek, azoka egunetan autoak espaloi gainetan uzten dituztela eta, agertutako kexen aurretik gertatu da". “Lan berri hauekin gune horretako oinezkoen eta autoen joan-etorriak erraztu eta hobetuko dira; Salsiduko arrapala mekanikoekin lotuko dira eta, gerora ere, baita metro geltokiarekin ere”, Arregiren ustez. Halaber, inguruan sartzea eta irtetea erraztuko dute. Gainera, Arregik esan duenez, Udaltzaingoak zaindu egingo du kalea hartutako neurriak bete, eta bereziki, autoak espaloi gainetan eta zamaketa gunetan ez uzteko. Hori guztia “oinezkoen mesedeetan”, esan du Arregik.
Azoka egunak
Azoka egunetan kale horretan zikinkeria gehiago omen dagoela eta, auzokideek agertutako kexen harira, zinegotzi getxoztarrak aipatu du gobernu taldeak beregain hartu dituela horiek, "jarduera berezia dagoen lekuetan gauza arrunta delako hori". Auzokideen kexak jaso eta gero hartutako neurriez gain, Arregik nabarmendu du Kasune egunero garbitzen dela “bai eskuz, bai erratz-makinarekin eta zorura ura botaz, eta astean behin ere ureztatze mistoa eginez, presiozko ura erabiliz”. Arregik azaldu duenez, gainera, hitzarmena daukate sinatuta azokako salerosleekin, eta horren arabera, "horiek dira beren jardueraren eraginez sortzen diren aparteko zaborrak, kartoiak eta bilgarriak, batu eta kentzeko ardura dutenak". Batu ondoren, birziklatze enpresa bati ematen zaizkio. Gaur egun Kasuneko salerosleekin dituen konpromisoak betetzen diren ala ez zaintzen ari da Udala.
Altube
Bestalde, astelehenean hasi ziren Getxoko Altube kaleko estolda sarea hobetzeko obrak. Bada, bigarrren fase batean (40 egun ingurukoa) kale horretan trafikoa osorik moztu aparkatzeko plazak kendu dituzte, Artagan eta Urbasa kaleen artean. Trafikoa zeharbide horietatik desbidera daiteke. Hala ere, atarien garajeetako sarbidea mantendu dute.