Oiz mendia igoz ospatuko du hamargarren urteurrena Munarrikolandak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 11a, 15:52

Sopelako Munarrikolanda mendi taldeak irteera antolatu du urtarrilaren 20rako, igandea. Aukera bikoitza da, gainera. Batetik, Oiz mendira (argazkian) igoera egitea, inguruko gune interesgarriak ikusteko aprobetxatuz. Bestetik, taldeak 10 urte bete dituela ospatzea, babarrun jana eginez. Berrizko Ereña auzoan hasiko da txangoa. Andikoara heldu artekoa izango da lehen malda, handik Durangerriko miradorea, eta Anbotoko harrietara joanez. Zengotita gainetik jarraituko du ibilaldiak. Oizen magalak mendebaldetik ekialdera zeharkatuko dituzte, tontorrera iritsiz (1.029 metro). Ikuspegi aparta du mendi-tontorrak, Euskal Herriaren txoko asko begi bistan baitaude. Ondoren, Oizko San Kristobal baseliza zeharkatuz jaitsiko dira Muxikara, eta handik Mendatara joango dira mendizaleak autobusez. Zeharkaldia egiteko lau ordu beharko dira, gutxi gora behera. Goizeko 8etan abiatuko da autobusa Sopelako San Pedro elizaren ondoan dagoen zurezko etxolatik. Salneurria 32 eurokoa izango bazkideentzat eta 34 eurokoa bazkide ez direnentzat, bazkaria tartean dela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun