"Segurtasun arrazoiengatik" inausi dituzte 240 zuhaitz Algortan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 11a, 17:14

Algortako Larrañazubi auzoan eta Makaletako etorbidean ohiz kanpoko inausketa burutu zuen iaz, "segurtasun arrazoiengatik", Getxoko Udalak. Lan horiek 30.000 eurotako gastua ekarri zuten. Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak azaldutakoaren arabera, “ezki, makal eta antzeko beste arbola batzuen handitzea mugatzea" da ekimenaren helburua, "asko hazten direnean jausi egin daitezkeelako, batez ere, Zugatzarte Etorbidean bezala, eguraldi zakarrak gehien jotzen dituen guneetan, oinezkoen eta ibilgailuen segurtasuna bermatu aldera”. Erdigunetik kanpo, berdeguneetan hazten diren zuhaitzei, berriz, hazten uzten zaie modu naturalean arbolak enbor eta sustrai sendoak dituenean, hau da, osasuntsu eta indartsu dagoenean. Halere, "mugak ere ipintzen zaizkie segurtasun arazorik eragin ez dezaten”, Arregik gaineratu duenez. Inausketa berezi hori udalerrian dauden behatoki desberdinetan ere egiten da, "berauetara jotzen dutenei bistak ez kentzeko". Argazkian, Zugatzarte etorbidea, 2002ko inausketaren ondoren.

Ohiz kanpoko inausketa iaz egin zen Larrañazubin eta Makaletako etorbidean. Azken leku horretan egindakoak bertako auzotar batzuen kexak eragin dituela-eta, Arregik adierazi du, "auzoko bizilagun batzuk hala eskatuta" egin dutela, "adar batzuk euren etxeetako lehioetara iristen zirelako honez gero". “Are gehiago, auzotar batzuen kexak jaso ditugu inausketa egiteko irizpide lar kontserbatzaileak ditugulako, eta era berean, ausartagoak izatea eskatu digute toki barrutan zuhaitz oso garaiak ditugulako”, zehaztu du zinegotzi getxoztarrak.

Inausketa Plana

Aurreko inausketa bereziak Areetako Santa Ana auzoan eta Zugatzarten burutu ziren, 2001ean eta 2002an, hurrenez hurren. Udal teknikariek horren ardura duen enpresarekin eta mendi-ingeniari batekin prestatutako Inausketa Planak 8-10 urtetan behin aurreikusten du horrelako lanak egitea. Arregik, halaber, gogoratu du, lan hauek egin eta bigarren urtera arbolek indarra berreskuratzen dutela. Horretaz gain, Udalak bigarren inauste plan bat dauka, urtekoa, lerroan dauden zuhaitzei –batez ere bananondoen– neguan adarrak ebakitzea aurreikusten duena, kale eta bideetan arazorik ez eragiteko. Urte betera itxura berreskuratzen dute arbolek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun