Londresen epaitu dute gaur bi urteko alaba hiltzeaz akusatutako exekutibo algortarra

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 11a, 19:21

Alberto Izaga (argazkian) Londresen bizi den 37 urteko exekutibo algortarrari ahozko epaiketa egin diote gaur, ekainean bere bi urteko alaba hiltzea leporatuta, arratsaldeko albistegian ETBk adierazi duenez. Izagaren alaba, Janire, ekainaren 5ean zendu zen Saint Thomas Ospitalean (Londresko erdigunean), bi egun lehenago ustez aitak emandako kolpeen ondorioz egoera kritikoan ospitaleratu ostean. Ekainaren 3an, gertaera latza jazo zen egunean, exekutibo algortarraren bizilagunek oihuak, kolpeak eta negarrak entzun zituzten eta Poliziari deitu zioten. Etxera bertaratzean, Janire larri zaurituta eta garezurra hautsita aurkitu zuten, ahotik, sudurretik eta belarrietatik odola zeriola. Gizonak Swuss Re aseguru-etxe suitzarrean lan egiten zuen, prentsa britainiarrak azaldu duenez, eta gertaeraz geroztik lanik eta soldatarik gabe utzi dute. Izaga baldintzapeko askatasunean izan da orain arte. Gaurkoan, berriz, gertaeren egunean "krisi psikotikoa" izan zuela aipatzerakoan bat etorri dira defentsa zein akusazioko peritoak. Zalantza da, orain, epaileak libre utzi edo, krisi horiek errepikatu daitezkeelakoan, ospital psikiatriko batean sartzea erabakiko duen.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun