Erandioko Udalak egindako galdeketaren bidez, Astrabuduako Juanene plaza (argazkian) oinezkoentzako gunea bilakatzea eskatu dute inguruko auzokide gehienek. Aisialdirako esparrua zena, autoz gainezka egoten den bat-bateko aparkalekua bihurtu da urteen poderioz, udal arduradunek adierazi dutenez. "Askotan larrialdi zerbitzuek ere ezin daitezke bertatik igaro", zehaztu du gaur Aitziber Oliban udal bozeramaileak. Jabego pribatuko eremua da Juanene plaza. Hortaz, auzotarrei dagokie horren gaineko erabakia hartzea. Behin, tokiari zer irtenbide eman aztertzen hasita, "bizilagunen artean adostasun mailarik handiena" lortzeko modua bilatzen hasi ziren tokiko agintariek. Horrenbestez, 200 etxeetara bi boto-txartel bidaltzea erabaki zuten, abenduaren bukaerara arte bata edo bestea udal bulegora eramateko aukera emanez bertokoei. Aukeran, aparkatzeko tokiak arrazionalki ordenatzea edo lekua oinezkoentzat bakarrik izatea. Botoak zenbatuta, 143 familiek eman zuten iritzia, parte-hartzea %65 ingurukoa izan zela. Horietatik 113 sendik (%80,14) plaza oinezkoentzat izatea eskatu zuten. Beste 28k (%19,86), ordea, autoa bertan uzten jarraitu nahi dute. Azkenik, biren bozka baliogabe suertatu zen, bata edo bestea aukeratu beharrean, proposamen berriak planteatu zituztelako. Horri erreparatuta, aurrerantzean boto-txarteletan iritzia emateko tartea ere jarriko dutela aipatu du udal bozeramaileak.