Euskararen Plan Gidariari Bologna Prozesuaren pareko deritzo IAk. "Salatu behar dugu benetako unibertsitate euskaldun bat sortzea baino Europako Unibertsitate Eremura igarotzeko aldian unibertsitateak jarraitu beharreko hizkuntza politikaren ildo nagusiak finkatzea duela helburu Euskararen Plan Gidariak. Gauzak horrela, berriro ere salatu behar dugu ikasleon aurkakotasuna duen Bologna Prozesura egokitzeko plana inposatu nahi digula unibertsitate honek", uste du ikasle erakundeak.
Ikasle Abertzaleen prentsa oharra:
Eskola euskalduna eraikiz borrokak egingo gaitu
Hezkuntza mugimenduak eta euskararen aldeko borroka ezberdinek, urteetan zehar izandako ibilbidearen ondorioz Euskal Herriko eskoletan hizkuntza eskubideek garapen bat izan dute azken hamarkadetan. Dinamika eta egitasmo ezberdinek, agintari ezberdinei mugimenduak egitea eskatu diete eta egun, inflexio puntu batean aurkitzen garela esan dezakegu. Herri presioaren ondorioz, agintariek proposamen berriak egiteko beharra ikusi dute, baina euskal ikasleria erdalduntzeko nahiak indarrean egonik, iruzurrak besterik ez dituzte mahai gaineratzen. Hitz politez jositako baina neurri zehatzik planteatzen ez duten proposamen hutsalak.
EAEko hezkuntza sailari dagokionez, euskara hizkuntza nagusi izango ei duen dekretu berria onartu berri du. Hitz berberekin definitzen zen B eredua ere eta urte guzti hauek erakutsi dutenez hiru ikasletik bakarra euskalduntzea lortzen du. Bitartean ikasturteko lehen neurria hartu du Hezkuntza Sailak, Lan Eskaintza Publikoa egitea, zeinetan irakasleen %22ari ez zaio hizkuntza perfila eskatuko. Adarra jotzen ari zaigu Tontxu Campos. Nafarroa Garaiko Erkidegoari dagokionez, euskararen institutua sortu du. Euskara bultzatzea omen da bere helburua, baina ahalmen zein baliabide oso mugatuak ditu eta gainera ez dago prest Vascuencearen legea aldatzeko. Nola izango da posible Nafarroan eskolak euskalduntzea euskara ez bada ofiziala? Eta Lapurdi, Baxe Nafarra eta Xiberoari dagokionez, Frantziako Gobernuak sortu zuen Euskararen Erakunde Publikoak oso mugaturik ditu bere egiteko zein baliabideak. Hala ere, Euskara Plana deritzona plazaratzen ausartu da. Bai, ausartu diogu, ausardia behar delako hizkuntza berreskuratzeko horrelako plan ziztrin bat proposatzeko.
ikasleontzat, hizkuntza eskubideei dagokionez bizi dugun egoera ez da berria. Gainontzeko hainbat eskubideren urraketen arduradunak pertsona eta administrazio berdinengan topatzen ditugu, eta ikasia dugu, iruzurra haien ohiko praktika dela. Gauzak horrela, badakigu zeren aurrean aurkitzen garen. Euskal ikasleok pairatzen dugun zapalkuntza integralaren beste aurpegi baten aurrean gaude. Frantziar eta espainiar administrazioen beste zapalkuntza baten aurrean. Euskal ikasleak frantsez eta espainiar egiteko asmotan, hezkuntza sistema arrotzek aspaldian abiatutako desnazionalizatze estrategiaren ondorio dira gaur egungo hizkuntza politikak.
Unibertsitateetako egoera
Gaurko egunean, bereziki, unibertsitateetan euskarak daukan presentzia eskasa eta unibertsitateetako gidariek opa dioten etorkizun beltza salatzeko asmoarekin egiten dugu agerraldi hau. Leku ezin hobea dugu honetarako irakasle eskola bat, izan ere, urtean-urtean Euskal Herrian dauden unibertsitateetatik irakasle erdaldun elebakar ?edo behintzat euskaldunduak ez direnak- mordoak irteten jarraitzen du.
Euskarari dagokionez, egungo egoera penagarria bada, etorkizunean hala izaten jarraituko duela erraz aurreikus daiteke, agintarien planak ikusita. Hala, Nafarroako Unibertsitate Publikoan, Pedro Burillo errektore ohiaren taldeak osaturiko Euskararen Plan Estrategikoa dugu oraindik mahai gainean. Hala ere, plan estrategikotik gutxi du honek, ez baitu markatzen euskara normalizatzeko helburu eta beharrezko bitartekorik, eta ia diagnosi huts bat egitera mugatzen baita. Gainera, salatu beharra dugu ikasketa bakoitzean helburu ezberdinak markatzen direla eta hiru karreratan ikasgai bakar bat ere euskaraz ez aurkeztea planteatzen du. Ido beretik, plan estrategiko deituriko honek eskaintza eta eskariaren formula gezurtia erabiltzen du, eta momentuko baliabideen araberako proposamena egiten digu.
Esanguratsua da, guzti honetan, plana osatu aurretik osaturiko Euskara Batzordeak bere osotasunean dimititu izana, egindako proposamenak errektore taldeak behin eta berriz atzera bota ostean. Gauzak aldatu ezean, beraz, euskararen plan estrategiko honekin Nafarroako Unibertsitate Publikoak euskararen normalizazioan ez du aurrera pausurik emango.
Euskal Herriko Unibertsitatea deitzen denean, ostera, Euskararen Plan Gidaria osatu zen aurreko ikasturtean, 1990 eta 1999.urteetan onartu ziren 2 hizkuntza-normalizaziorako planen filosofia berdinarekin. Honengatik, egun UPV-EHUn hizkuntza eskubideak nola urratzen diren ikusita, okertu gabe baiezta dezakegu fruiturik eman ez duten planen filosofian daukala oinarria plan berriak. Gainera, salatu behar dugu benetako unibertsitate euskaldun bat sortzea baino Europako Unibertsitate Eremura igarotzeko aldian unibertsitateak jarraitu beharreko hizkuntza politikaren ildo nagusiak finkatzea duela helburu. Gauzak horrela, berriro ere salatu behar dugu ikasleon aurkakotasuna duen Bologna Prozesura egokitzeko plana inposatu nahi digula unibertsitate honek.
Mondragon Unibertsitean Mendeberri proiektuak euskararekiko izan duen bilakaera defizitarioa salatzeko beharrean gaude. Hala, hasiera batean, euskal eta erdal ereduak alboratu eta euskara, gaztelera eta ingelesa uztartuko lituzkeen lerro bakarra sortzea proposatzen zen. Lerro honetan, hizkuntza bakoitzaren presentziari dagokionez, euskarari %70a eskaintzen zitzaion, baina dirudienez %50era jaitsiko da hasierako asmoa. Gainera, lerro bakarra sortzeko asmoek ez dute ondoriorik izan eta oraindik beste hiru urtean, gutxienez, euskararen presentziarik ez duen erdal eredua mantenduko da.
Azkenik, unibertsitate honetan sortu zen Euskara Batzordeak hasieran piztutako ilusioak neurri handi batean itzali dituela esan liteke. Izan ere, administrazioa eta irakasleak euskalduntzeko hartutako konpromisoak oso motz geratzen dira eta indarrean daramatzan bi urteetan apenas eman du emaitzarik.
Guzti honen aurrean, unibertsitatean, hezigune guztietan bezala, ikasleon hizkuntza eskubideen bermea exijitzen dugu ikasle abertzale eta ezkertiarrok. Era berean, euskal ikasleok azken hamarkadan zehar euskalduntzearen borrokaz aurreratutakoaz kontziente izanik, momentuak eskatzen duen garrantziari dagokion tamainan erantzun behar diogu. Honengatik, datorren urtarrilaren 25ean Eskolak Euskaldundu ekimenak Gasteizen eta Iruñean "Eskolak euskaldundu behar du. Iruzurrik ez!" lelopean deitutako mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatzen diogu ikasleriari.