Haurrentzako masaje ikastaroa eskainiko dute Barrikan, otsailean zehar, 2 eta 12 hilabete arteko umetxoak dituzten gurasoei zuzendua. Guztira, bost saio izango dira, seguruenik larunbatetan, 11:00etatik 13:00etara. Barrikako udal iturriek jakinarazi dutenez, bi zatitan banatuko da tailerra: batean, masajeei buruzko teoria eta praktika emango dute; eta bestean, hitzaldiak izango dira funtsa, negarra, logalea edota ukipenaren garrantzia aztertuz. Ikastaroaren helburua "gurasoen eskuetan tresna bat jartzea da, seme-alaben beharrei erantzuteko, komunikazioan oinarritutako harremana sortu asmoz", tokiko iturrien arabera. Sei eta hamar haur artean joatea beharrezkoa izango da ikastaroa egin ahal izateko. Interesatuek Barrikako kultur etxean eska dezakete informazioa, 10:00etatik 13:30era eta 16:30etik 18:00etara, baita 946 775 163 telefono zenbakira deituz edota
liburutegia[abildua]barrika.net posta elektronikoan ere. Urtarrilaren 21era arte egongo da zabalik izena emateko epea.