Astelehenean zabalduko dute Areetako udal ludoteka

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 12a, 14:26

Urtarrilaren 14an, astelehenarekin, zabalduko ditu ateak Areetako udal ludotekak eta, guztira, bertako bazkide egin diren 60 neska-mutikorekin abiatuko da. Getxoko Udal Kultura Arloak eskaera kopuruaren gaineko balorazio "baikorra" egin du. "Zerbitzu berri-berria dela kontuan izanda, ume gutxirekin hastea erosoagoa izango da”, esan du Koldo Iturbe zinegotziak. Dena dela, ez da baztertzen behin zerbitzua martxan jarriz gero bazkidetza eskatzeko epea berriz ere zabaltzea. Gainera, tokia eskuratu dutenek ezarritako epean bazkide izateko dokumentazioa ekarri edota dagokien tasa ordaindu ezean, itxaron zerrendako hurrengoari emango zaio aukera, udal iturriek zehaztu dutenez. Hain zuzen ere, astelehena dute horretarako azken eguna. Argazkian, bi umek horma irudia egiten.

Areetako ludotekako bazkidea izateko eskaerak aurkezteko epea abenduaren 10etik 21era bitartean zabalik egon zen. Aurkeztutako 60 eskaeretatik 40 5 urtetik 8 urtera bitarteko umeenak dira eta gainerako 20 eskaerak 9 urtetik 12 urtera bitarteko gaztetxoenak. Eskaerak 100etik gora izan zitezkeelakoan Udalak plazen zozketa zeukan iragarrita. Eskaera kopurua ikusita, ordea, ez da zozketarik egin behar izan. Edozein herritarrentzako arreta bulegotan egin daiteke bazkide tasaren ordainketa, ezarritako epearen barruan. Gainera, oinarrizko errentaren jasotzen dutenek zein familia ugariko kide direnek gutxiago pagatzeko aukera izango dute. Lehenengoek Oinarrizko Errentaren, Gizarteratzerako Laguntza Bereziaren ala kotizazio gabeko pentsioaren jasotzailea izatea egiaztatzen duen agiria (Bilboko Nicolas Alkorta 4 helbidean eskatu daiteke) aurkeztu beharko dute,astelehenean beranduen jota. Eta bigarrenek familia ugariaren karnetaren, familia liburuaren ala jaiotza-agiriaren fotokopia.

Argibide gehiago:

Gazte Informazio Bulegoa
Tangora etxea. Algortako etorbidea 98
944 910 114

Astelehenetik ostiralera, 11:00-14:00 eta 17:30-20:00 Larunbatetan, 10:00-14:00 Astelehen arratsaldean eta astearte eta ostiral goizean itxita.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun