Imanol Landa alkate getxoztarrak azaldu duenez, "jolasen bitartez neska-mutilak heztea" da ekimen berriaren helburua. "Euskararen erabilerari ere garrantzi handia emango diogu, ume eta gazteak baitira gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuko dutenak", gaineratu du udal agintariak. Alabaina, ludoteka "haurtzaindegia ez" dela argi utzi nahi izan du Landak: "gurasoak hurbil edo erraz lokalizatuak izateko moduan egon beharko dira umeak barruan dauden bitartean, neska-mutilen bat aspertu eta irten nahi baldin badu behintzat. Horrek ez du kentzen aita-amek erosketak edota bestelako gestioak egiteko tartea izatea", azaldu du. Izan ere, lana eta familia bateragarriago egiten laguntzea ere bada ludotekaren helburuetako bat. Bi hezitzaile profesional izango dituzte alboan uneoro haurrek.
Txikiegia agian
Areetako udal ludoteka berria "txikiegia" dela aitortu du Unai Amezaga Gazteria teknikariak: "73 metro koadro baino ez ditu eta ondo funtzionatu ahal izateko, txanda bakoitzean gehienez 25 bat ume izan beharko lirateke barruan", adierazi duenez. Hala ere, dagoen tokiari ahalik eta atarramendu gehien ateratzen ahalegindu dira: "eskulanak egin edota mahai-jokoetan aritzeko mahai eta aulkiak kenduz gero, lurrean koltxonetak jarri eta psikomotrizitatea lantzeko aukera badago. Horretaz gain, jolas sinbolikoak eta antzeztekoak egiteko gunean ere jarri ditugu", azaldu du Amezagak. Bestalde, egunero, txanda bakoitzeko lehenengo 45 minututan ateak zabalik (gauza batera edo bestera jolastea libre) egongo diren arren; hurrengo hiru ordu laurdenetan ateak itxi eta barruan dauden neska-mutilekin baino ez dituzte landuko adin tarte bakoitzari bereziki zuzendutako jarduerak.
Ludotekak, gaztelekuak eta haur eskolak
Getxo udalerriko ume eta gazteei zuzenduta, udal gobernuak landutako egitasmoaren lehenengo pausua baino ez da Areetako ludoteka, Imanol Landa alkateak esandakoaren arabera. Batetik, Algortako Aita Felix de la Virgen kaleko 2 eta 4 zenbakien artean dagoen 300 metro koadroko lonja, San Nikolas plazaren inguruetan, erosita dauka jada Udalak, bertan ere ludoteka egiteko. Bestalde, Urgull kalean, antzinako Algortako kultur etxea zeneko lokalean, "denbora gutxian" zabalduko dute gaztelekua eta, Itzubaltzeta / Romo eta Areetan ere beste horrenbeste jartzea aurreikusten ari dira, Landak aurreratu duenez. Azkenik, Algortako San Inazio ikastetxean aurten irekiko dute haur eskola.