Talaia herri plataformak antolatuta, Lemoizko zentral nuklearra zeneko (argazkian) Basordas senaia eta inguruaren etorkizuna izango dute hizpide, urtarrilaren 19an eta 26an, 11:00etatik aurrera, Armintzako kultur etxean. Iberdrolak aspaldi iragarri zuen gune horretarako daukan
asmoa, ziklo konbinatuko zentrala jartzea alegia. Egun, ordea, "Eusko Jaurlaritzaren mende dago Lemoizko orubeen etorkizuna", Talaiaren iritziz. Horrek "ongi pentsatu beharko luke, inolako erabakirik hartu aurretik. Lemoizko eraikinak herri borondatearen oniritzirik gabe eraiki ziren eta Frankismoak babestutako enpresa baten ezarpen eta larderiarekin. Ahal den neurrian, hasierako itxurara itzuli beharko lituzkete, Basordas senaia zenera, alegia", diote talde ekologistako kideek. Hain zuzen ere, bertan natur parkea egitea eskatzen du Talaiak, "hainbeste min eta hildako eragin zuen inposizio frankista hura gogorarazteko". Horren harira,
gaur bete dira 30 urte, David Alvarez Peña ETAko kidea Guardia Zibilarekin izandako tiroketan jasotako zaurien ostean hil zela.