Elliot Murphyk disko berria aurkeztuko du etzi Leioako campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 14a, 21:37

Olivier Durand gitarra joleak lagunduta, "Coming Home Again" bere azken diskoa aurkeztuko du asteazken honetan, urtarrilak 16, Leioa eta Erandioko campusean, Elliott Murphy (argazkian) musikari estatubatuarrak. New Yorkekoa izanik, Parisen bizi da Murphy, musikaren multinazional handienetatik at. Askoren ustez rock munduko musikagilerik grinatsu, jantzi eta azkarrenetakoa da eta jarraitzaile ugari ditu, besteak beste, Peter Buck (REM), Lou Reed, Tom Petty, John Mellencamp eta Elvis Costello. Bere azken diskoetako batean Bruce Springsteenek parte hartu zuen, eta horrek Parisen jotzen duen bakoitzean Murphy gonbidatzen du eszenatokira igotzera. Olivier Durand, Le Havre-n (Frantzia) jaioa, berriz, hamaika urtez ibili da estatubatuarrarekin jotzen eta azken horren hamar diskotan parte hartu du. Etziko saioa campuseko Areto Nagusian izango da, 12:00etatik aurrera. Kontzertua doakoa eta mundu guztiari irekia izango da.

1973tik hona, Murphyk 29 disko argitaratu ditu eta kritikoek erantzun ezin hobea eman diote guztiei. "Aquashow" izeneko lehenengo diskotik 2007an argitaraturiko "Coming Home Again" lanera heldu arte, Elliott Murphyk estilo berezko eta jatorrari eutsi dio. Irudi poetikoek, istorioak kontatzeko maisutasunak eta arimaren barrunbeei begirako hitzek Murphyri jarraitzaile sutsu mordoa ekarri diote AEBetan. Europan, berriz, izar bihurtu dute. Berak gogoratzen duenez, "han inork ere ezagutzen ez ninduelakoan nengoen, Parisen emandako lehenengo kontzertuan sei bis eskatu zizkidaten arte".

Musika eta literatura

Gaur egun, Elliott Murphy Parisen bizi da bere emazte Françoise eta bere seme Gaspardekin, eta etengabe ari da kontzertuak eta birak egiten. Musika sortzeko ahalmen itzela alde batera utzirik, ipuin bilduma bat eta hainbat hizkuntzatara itzulitako eleberri bat -"Hotza eta Elektrikoa"- ere idatzi ditu. The Velvet Underground-en "69 live" diskoaren azalek oharrak ere idatzi zituen. "Literatura nire erlijioa da -esan zuen Murphyk orain gutxi egindako elkarrizketa batean-, baina mendekotasun batek jota nago: rock and roll-ak, alegia". Hala ere, bere ibilbide artistikoan dena ez da musika eta literatura izan. Horrela, 1972an agerraldi laburra egin zuen Fellini handiaren "Roma" filmean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun