Duela bi urteko San Inazio jaietan, Algortako metro geltokian izandako istiluetan parte hartu zutelakoan, bi asteburutan garbiketa eta bezeroenganako arreta lanak egitera zigortu dituzte bost adingabeko.
Espainiako Segurtasun Zaindarien Elkarteak (AEVS), ordea, ez du begi onez ikusi aipatu neurria,
Sare Antifaxistak zabaldu duenez. Zaindarien iritziz, "instalazio publiko bat txikitzea merke ateratzen dela argi uzten du zigor horrek". Horri erantzunez, "2006 eta 2007an 'inseguritate pribatuko' hainbat kide ultrek burututako ehun eraso baino gehiagoren aurrean isilik" egotea leporatu die talde antifaxistak. Gainera, metro geltokian izandako "kalteetatik askok" Ertzaintzari egotzi dizkiote. "Ehunaka lagun izan ziren horren lekuko", Sare Antifaxistaren hitzetan. Bitartean, oraindik ez diete zigorra betetzeko datarik jarri gazteei. Hala ere, baliteke hilabete honetan, larunbat eta igandetan, 6:00etatik 12:00etara izatea, hainbat iturrien arabera. Bestalde, kalteak diruz ere ordaindu beharko dituzte mutilen gurasoek. Hala ere, oraindik, ez dakite zenbat izango den, oraindik epaiketarako egunik ez baitute jarri. Guztira, Uribe Kostako
23 lagun daude auziperatuta. Argazkian, zaindaria txakurrarekin metro geltoki batean / Sare Antifaxista.