Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak ohartarazi du Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) zenbait tokitan hego-mendebaldeko haizeak 120 kilometro orduko abiadura har dezakeela bihar. Litekeena da bihar 3,5 metroko olatuak izatea, eta iluntzean bost metrokoak ere izan litezke. Hori dela eta, hainbat larrialdi zerbitzu jakinaren gainean jarri dituzte, beharrezko neurriak har ditzaten. Haize bolada indartsuak izango direla eta, Larrialdiei Aurre egiteko Zuzendaritzak gomendio batzuk helarazi nahi dizkie herritarrei. Horrela, pertsianak, leihoak eta leiho-ateak ixteko esan du; baita loreontziak, eskegitako gaiak, oholak eta haizeak eraman ditzakeen bestelako objektuak kentzeko ere. Ibilgailuak kontu handiz erabiltzeko eta kostaldeko bideak, zubiak eta haizeguneak saihesteko gomendatu du. Halaber, ontzirik ez erabiltzeko eta amarrak zaintzeko eskatu du. Ildo horretan, ur kirolik inolaz ere ez egiteko nabarmendu du. Azkenik, zuhaitzen, eraikitze lanetan dauden eraikinen edo kostaldeko pasealekuen ingurutik ez ibiltzeko, eta agintarien aholku eta aginduak betetzeko gomendatu du. Istripurik izatekotan, 112 SOS Deiak-era deitu behar da. Argazkian, olatu bat Algortako Portu Zaharreko murruaren kontra apurtzen.