Bi atal nagusitan banatuta dago. Lehenengoan, Metro Bilbaoko langileentzat gertukoak eta ezagunak diren adibideak baliatu dituzte, hizkuntza zelan erabili behar den edo zelan erabil daitekeen erakusteko; eta zelan hobetu ere proposatzen da. Erakundean gehien erabiltzen diren hitzen glosategia ere erantsi dute, eguneroko lana erraztu eta arintzeko. Bigarrenean, irudiak jorratu dira eta oinarrizko ildoak zehazten dira, karteletan eta publizitateko iragarkietan argazkiak zein marrazkiak erabili behar direnean, emakumeei eta gizonei balio berbera eman behar zaiela azpimarratuz. Garraio enpresarentzat "hizkuntza funtsezkoa da berdintasunaren puzzlea ondo osatzeko eta emakumeak dagokien tokian eta moduan ikusi eta erakustea lortzeko". "Bizkaian erreferentea denez, eragile eta biderkatzaile izan gura du inguruko beste enpresa batzuetan ere berdintasun-ekintzak eta planak bidera daitezen", adierazi dute metroko arduradunek.
Gida Metro Bilbaoko webgunean (www.metrobilbao.com) ere aurkituko daiteke. Enpresak berdintasunaren alorrean hobetzeko eta "barruko zein kanpoko baldintzak bete daitezen" laguntzeko abiarazi dituen ekintzetako bat da. Metro Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiaren "Parekatuz" sareari eta Eusko Jaurlaritzaren "Optima" programari heldu zien lehenengo enpresen artean dago. Halaber, 2005ean indarrean jarri zen Emakumeen eta Gizonen Berdintasun Legean eta Europar Batasuneko Emakumeek eta Gizonek Aukera Berdinak izateko Batasuneko Ekintzaren Egitarauan ematen diren gomendioak betetzen ditu.