Salda eske

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 15a, 23:30

Gure herrian neguak ez dira hotzegiak izaten, baina egun euritsu horietan hezetasun ikaragarria egoten da. Denbora haietan egun askotan botatzen ei zuen euria, eta hezetasun hori zenbaiti gupidarik gabe hezur-muinetaraino sartzen zitzaion. Halako egunetan, egunero ibiltzen zen andre zahar bat kalerik kale, etxerik etxe, salda beroa nork emango. Elikagaiak urriak zituen neurri berean zituen urrun alde eginak aspaldi sasoi bateko berotasuna, irribarreak, piper eta gatza…; edo beharbada behin betiko mundu honetatik at erausiak, orduko mundu berri hari oztopo egiten ziotelako erretolika astun hura arrazoitzat harturik. Egun hartan andre zaharra etxe dotore samar batera sartu zen bere katilutxoa eskuan zeramala. Bere ibilera geldo eta nekatuak eskaileretan eraman zuen, etxe hartako jendearen errukia zela medio kaletik zekarren hotza katilu hura beteta uxatuko zitzaiolakoan.

Lehen solairuko ateari jo, eta gizon bat atera zitzaion. Gizonak ondo zekien nor zen hura eta zertara zetorren, eta jarrera abegikorra erakutsiz honelaxe galdetu zion andreari:

- ¿Quiere caldo?

Eta andreak zakarki honela erantzun zion:

- Zure “taza caldo” baino, katilu bete salda gurau neuke nik!.

Halan gertatu zela kontatzen zigun amamak txikitan. Guk umeok, barre egiten genuen; izan ere “taza caldo” eta “katilu bete salda” gauza bera zen funtsean, edo hori pentsatzen genuen behintzat. Denboraren joanak probatu digu esateko modu batek eta besteak ez dutela zerikusirik. Gainera andre ezgauza alproja hura, gizon serio ondo ikusi hura baino adimen handiagokoa zen: andreak ondo ulertzen zuen gizonaren eskaintza, baina gizonak andreak esandakoa entzun eta piperrik ere ez zion ulertzen.

Era berean neuk ere onartu behar dut andre haren parean zein txiki eta ezgauza naizen, berak gauzak ikusten zituen moduan ikusteko urte asko behar izan ditudalako. Orain, bila eta bila ibiltzen naiz zirrikitu guztiak arakatzen, eta sasoi zaharretako adimenaren ardo zaharra gogotik edaten dut…, gizon ondo ikusiaren “taza caldo” hura eta andrearen “katilu bete salda”, ez baitira gauza bera, horrela dirudien arren. Era horretan uxatzen dut sarri inguruko giroari darion hezetasun ustela, egun hartan andre koitxeduak topatu ez zuen giro beroago eta sanoago baten bila.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun