Aner Mimenza (argazkian), Asier Tapia eta Borja Urberuaga zigortu eta bakartuta dauzkatela-eta, "borrokaldian" hasi dira Soto del Real (Madril) espetxean dauzkaten euskal preso politikoek, "beraien kontrako zigor neurriak kendu eta isolamendutik atera daitezela aldarrikatzeko", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Etengabe bitakoraren bitartez jakinarazi duenez. "Borrokaldi honetan, astelehen eta astearteetan uko egiten diote gosari eta afariari eta asteazkenetan gosari eta ziega garbitzeari", azaldu du errepresioaren aurkako erakundeak. Mimenza, Tapia eta Urberuaga Euskal Preso Politikoen Kolektiboaren (EPPK) kideek Espainiako hainbat politikari eta kargudunen aurrean, euren eskubideen aldeko eta sakabanaketaren aurkako bat-bateko protesta burutu zuten abenduaren 20an. Horregatik, "hertsapen edo mehatxu terroristen delitua" leporatzea aztertzen ari dira Espainiako Auzitegi Nazionaleko Espetxe Zaintzarako Epaitegi Nagusiko Fiskaltza eta epailea, Espainiako Barne Ministerioak horrela eskatuta.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!