Berangoko Udalak begirale ikastaroa antolatu du, 1990eko azaroa baino lehen jaiotako neska-mutilentzat. Hala ere, udalerrian erroldatutakoei emango zaie lehentasuna. Urtarrilaren 19an hasi eta urteko azken aurreko hilabetean amaitu egingo da, teoria 200 ordu eta praktika beste 120 ordu eginez. Horrenbestez, ostiraletan, 18:00etatik 21:00etara eta, larunbatetan, 9:00etatik 18:00etara, izango dira eskolak, Santa Anako kultur etxean. Gainera, asteburupasako lau txango egingo dituzte gazteek. Praktikak, berriz, udan izango dira. Ikastaroa euskaraz izango da eta
Gaztetxo Eskolak emango du. Izen-emateari dagokionez, Santa Anako kultur etxera jo beharko dute parte hartu nahi dutenek. Berangon erroldatuek 60 euro ordaindu beharko dute izena emateko unean eta gainontzekoek 110 euro. Ikastarorako, berriz, beste 240 euro eman beharko dituzte batzuek zein besteek. Hori bai, azken hori, aldi berean zein epeetan ordaintzeko aukera egongo da. Argazkian, Algortako
Itxartu Gaztetxoen begiraleak haurrekin 2005ean Algortan egin zen Gaztetxo Eguna iragartzen.