"Auzotar ugariren kexuak" jaso dituela eta, aurtengo Errege Magoen desfilearen inguruko informazioa eskatu dio Getxoko Kultur Etxeko zuzendaritza batzordeari PPk. Marisa Arrue bozeramaile popularraren aburuz, diru kontuak daude kabalgatak "kalitatean izandako beherakadaren" atzean: "aurten 42.230 euro jarri dituzte horretarako, igaz baino %3 gehiago. Olentzerorako aurrekontuak, ordea, izugarrizko gorakada izan du, %60koa alegia", zehaztu duenez. 2007an 52.868 euroko diru-laguntza jaso du Olentzerok, aurreko urtean emandako 31.957 euroen aldean. Hala ere, Imanol Landa alkate jelkideak "konfrontazioaren dinamikan eta Getxon oso sustraituta dauden bi ohituren arteko fikziozko enfrentamenduan" ez du sartu nahi izan. Hori bai, argi utzi du 2005ekoaren aldean (51.416 euro) %2,8 baino ez duela gora egin Olentzeroren aurrekontuak: "Kopuru hori ez du PPk ezagutzera eman nahi izan 2006an aurrekontua gutxiago izan baitzen, ekitaldi gutxiago egon", aipatu du Landak. Errege Magoen desfilea Kultur Etxeak berak antolatzen duen bitartean; Algorta, Areeta, Getxo eta Itzubaltzeta / Romon herritarrek osatutako lau talde edo batzorde aritzen dira Olentzero prestatzen. Argazkian, Olentzero erretzen Algortako San Nikolas plazan / Joseba Zubiaurre.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!