Beste urte batez, Sahararen aldeko euskal karabanarekin bat egin du
Gorlizko Udalak, "Piztu itxaropena" leloari helduz. Horrenbestez, elikagaiak (azukrea, atuna oliotan, dilistak eta arroza) eta higiene-gaiak (konpresak) batzen hasi dira jada. Horiek urtarrilaren 31ra arte eraman ahal izango dira kultur etxera (Ibarrena etxea, Krutzeta kalea 5), edo udaletxeko bulegoetara (beheko solairuko harrera gelan). Diruz lagundu nahi dutenek, berriz, ondoko Euskadiko Kutxaren kontu zenbakian egin dezakete: 3035-0080-94-0800054177. 2001eko martxoan Saharako Güera herriarekin senidetu zenetik, hainbat ekimenetan hartu du parte Gorlizko Udalak, saharar herriari laguntza emateko. "Hango herritarrak bidegabeko erbestean bizi dira azken 30 urteetan, Aljeriako Saharako basamortu latzean", azaldu dute tokiko agintariek. Argazkia: Saharar Errepublika Demokratikoaren (SEAD) aldarrikapenaren 30. urteurrenarekin bat eginez, bandera sahararra jaso zuten ikurrinarekin batera Gorlizko udaletxean, 2006ko otsailaren 27an.