Fernando Etxegarairi bazkaria egiteko lekurik ez ematea egotzi diote Plentziako Udalari

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 16a, 23:31

Independenteak buru dituen Plentziako Udalak ez du baimenik eman, Jai Alai frontoian orain bi aste kaleratutako Fernando Etxegarai Gaztearena euskal preso politikoaren omenezko bazkaria egiteko, Etengabe bitakoraren irakurle batek salatutakoaren arabera. Hori dela eta, Urdulizen egingo dute, 14:30ean. Etxegarai urtarrilaren 4an atera zen Pontevedrako A Lamako espetxetik, 20 urte baino gehiago gatibu eman eta zigor osoa beteta. Senideentzat ezustekoa izan zen, orain dela hilabeteak data horretan kaleratze eguna finkatuta izan arren, azken aldian horri buruzko berririk ez zutelako, baita egun horretarako bisita eman zietelako ere. Izan ere, beldur ziren azken hileotan hain zabalduta dagoen Parot doktrina plentziarrari ere ez ote zioten aplikatuko. Gauzak horrela, bisitan albistea ezagutu ondoren itxaron zuten 22:00etan kaleratu arte eta berarekin egin zuten itzulera. Etxegarai 1987ko apirilaren 24an atxilotu zuten, eta urte hauetan guztietan espetxe ugaritik pasatu da: "legearen aplikazioaren arabera, baldintzapeko askatasunean 2002ko apiriletik kalean izan beharko litzateke, baina behin eta berriro salatu den bezala, praktikan, euskal preso politikoek ez daukate baldintzapeko askatasunaren eskubiderik ere", Uribe Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren arabera. Ongi etorri ekitaldia igandean egingo diote, 13:00etan, Plentziako Astillero plazan. Argazkian, Fernando Etxegarairi hilaren 6an Barakaldon egindako harreraren irudi bat / Etengabe.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun