Xabier Oleaga: "desobedientzia zibilaren zilegitasuna eta beharra"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 17a, 13:33
Eskubide zibilak eta politikoak bermatzeko sistema propioa behar dugu. Konfrontazio politiko baketsua eta demokratikoa beharrezkoa da eta, bide horretan, desobedientzia zibila tresna zilegia eta beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu. Gutxik espero zuten 2000ko urrian hainbat gizarte mugimendutan ziharduten 12 lagunen aurkako sarekada hura. Gero 18/98ko sumarioko desobedientziaren atalean, herri mugimenduan ezagunak ziren dozena bat lagunek Garzonen aurrean deklaratu behar izan zuen. Zazpi urteren buruan, epaia iritsi da eta gehienek espetxe zigor handia jaso dute. Jakina, kasu hau ez da Espainiako Auzitegi Nazionalaren eskutik egin den bidegabekeria bakarra. Aitzitik, Francok sortutako epaitegi horrek askotan eman ditu giza eskubideen aurkako erabaki politikoak. Argazkian, Xabier Oleaga erandioztarra / Egunkariaren alde elkartea.
Salbuespeneko auzitegia deuseztatzearen aldeko aldarrikapena geure egiten dugularik, gaur bereziki, desobedientzia zibila defenditzeagatik zigortuak izan diren lagunen alde idatzi nahi izan dugu. Izan ere, desobedientzia zibila zilegi izateaz gain, zenbait egoeratan beharrezkoa ere badela uste baitugu. Gainera, zigortu dituzten lagunen lana zigortzean disidentzia politikoa bera zigortu dutela uste dugu.

Euskal Herrian adierazpen bortitzak dituen gatazka politiko larria dagoenez gero, hori konpontze aldera eginiko saiakera guztiak hartzen ditugu begi onez. Are gehiago, indarkeriazko gertaerak gainditzeaz gain, gatazka bera errotik konpontzea bilatzen badute batetik eta, bestetik, indarkeria ezaren bideak badarabiltzate horretarako. Orain arte Euskal Herrian desobedientzia zibila egitea proposatu dutenek gatazka errotik konpontzeko parametroak proposatu dituzte eta bistakoa da indarkeria ezari atxikitako jardunez aritu direla. Horrelaxe egin zuten Mikel Zuloagak, Sabino Ormazabalek, Mario Zubiagak eta beste batzuek, baita epaitu ez zituzten/gintuzten beste askok ere. Gogoan izan Euskal Herrian gatazka bideratzeko desobedientzia zibilaren aldeko ekimen gehienak 1998ko egoerak eta su-etenak sortutako giroaren barnen kokatu zirela. 2000n atxilotu zituztenean horixe adierazi genuen. Desobedientzia zibilaren eta indarkeriarik ezaren bidea zigortuz su-etenari egin zion eraso espainiar Estatuak, eta aldi berean bide baketsuak oztopatzea ere bazen bere helburua.

Zazpi urte pasa dira eta iritsi da epaia. Aurkeztutako froga guztiak, lekuko guztiak eta egindako defentsa juridikoa alferrik izan dira, aldez aurretik epaia idatzita zegoen-eta. PPren gobernuaren teoria eta poliziak asmatutako tesia bere horretan onartu dute, oso-osorik. Hots, «Euskal Herriaren nazio eraikuntzaren aldeko edozein ekimen terrorismoari laguntzea da». Hitz horien harira justifikatu zuten hainbat lagunen atxiloketa, eta bistan da sententzian ere tesi hori nagusitu dela, auzipetuen jarduna ez baitute kontuan hartu, baizik eta espainiar Estatuaren interes politikoak soilik. Maiz egin ohi duten legez, Espainiako erakunde judizialak tresna politiko bilakatu dituzte. Honakoan, besteak beste, indarkeria eza bitartekotzat duen euskal disidentzia zapuzteko.

Aipatutako 1998ko giroak gorpuztutako hainbat ekimen zigortzeko asmoz asmatu zuten 18/98 sumarioa. Beste garai batzuk ziren eta bortxa armaturik gabeko jarduna nagusituko zela pentsatu genuen orduan, bai guk, bai espainiar Estatuko indarrek. Egun, ez da aurreikusten, tamalez, alde anitzetako bortxa politikoa epe laburrean amaituko denik eta, beraz, Estatuak Auzitegi Nazionaletik egindako erasoak emaitzak eman dituela pentsa genezake. Baina ez gaude egoera hori onartzeko prest, indarkeriarik gabeko desobedientzia zibilaren xedean eta eraginkortasunean konfiantza dugu-eta. Orain pairatzen ari garen alde ezberdinetako adierazpen bortitzen gainetik, Euskal Herrian beste nahiak eta desioak nagusitu dira dagoeneko. Euskal Herriko gizarteak gatazka konpondu nahi du, errotik konpondu ere. Gehiengo zabalak bortxa guztiei eman nahi die amaiera, giza eskubideak errespetatzea exijitzen du tinko.

Euskal Herria nazio delako ustea dugunok zera ikasi dugu, espainiar eta frantziar sistema juridikoek ez dituztela bermatzen gure giza eskubideak, ez zibilak, ez politikoak. Horretarako, gure sistema propioa behar dugu. Eta hori lortzeko, beharrezkoa da konfrontazio politiko baketsua eta demokratikoa, eta bide horretan, desobedientzia zibila tresna zilegia eta beharrezkoa dela aldarrikatzen dugu.

Martxan jartzeko gai izango ote gara?

Xabier Oleaga, Andee Sainte Marie, Sabin Intxaurraga, Patxi Azparren eta Xabier Sarasua ezkerreko abertzaleek gaur "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun