"Legeak" bildumako beste lau liburuki argitaratu ditu Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzaren Justizia Sailaren laguntzarekin. Bilduma horretan, euskaraz argitaratzen dira Espainiako ordenamendu juridikoko lege testu garrantzitsuenetako batzuk. Lehenengo zenbakia iaz argitaratu zen eta "Espainiako ordenamendu juridikoan maila handiena duen arau juridikoaren itzulpenari dagokio", unibertsitateko iturrien arabera, Espainiako Konstituzioari, hain zuzen ere. Orain plazaratutakoei dagokienez, Lan Prozeduraren Legearen itzulpena da bigarren liburukia; hirugarren eta laugarrenak, berriz, Espainiako ordenamendu juridikoko arau garrantzitsuenen itzulpenak jasotzen dituzte, adibidez, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioaren Legea (hirugarrena), eta Konstituzio Auzitegiaren Lege Organikoa (laugarrena). Orain arte argitaratu den bosgarren eta azken liburuan, kontsumitzaileen babesa bermatzen duten arau nagusiak biltzen dira, hauen artean honakoak: Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Defentsarako Legea, Erantzukizun Zibileko Legea Salgai Akastunek sorturiko Kalteengatik, eta Kontrataziorako Baldintza Orokorren Legea. Liburuki bakoitzak hiru zati ditu: lehenengoa, sarrera; bigarrena, lege multzoak (orrialde bikoitietan, testua gazteleraz egongo da, eta bakoitietan, berriz, haien itzulpena euskaraz); eta azkenik, lexiko zati bat, hitz tekniko garrantzitsuenak biltzen dituena. Argazkian, Ludger Mees EHUko Euskara errektoreordea / Erabili.com.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!