Getxoko Udaltzaingoak Bilboko 21 urteko gaztea atxilotu du aste honetan, lapurreta batzuen egilea izatea eta lapurtutako kredituzko txartel batzuk erabiltzea leporatuta. Atxiloketa astelehenean, urtarrilaren 14ean, izan zen Areetako Kale Nagusian lapurreta baten biktimak aurreko astean auzo horretan poltsa kendu zioten lagunetako bat ikusi eta udaltzain bati horren berri eman ostean, Getxoko Udalak zabaldutako bertsioaren arabera. Polizia zegoela ikusita, aipatutako gizonek alde egin zuten. Udaltzainak bat harrapatzea lortu zuen, baina besteak ihes egin zuen. Polizia-etxera eraman eta beharrezko azterketa burutu ondoren, atxilotua beste lapurreta baten egilea zela eta Algortako Olentzero ospakizunean lapurtutako kreditu txartel batzuk erabili ere egin zituela egiaztatu zuten. Orain laguntzaileak topatzeko behar diren ikerketak egiten ari da Udaltzaingoa. Atxilotua epailearen esku utzi zuten atzo eta ondoren aske gelditu zen.