Antenen gainean adostutakoa ez betetzea egotzi dio Udalari Getxoko PPk

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2008ko urt. 17a, 19:50

Yoigo telefonia enpresak Areetako Paulino Mendivil kalean "legez kanpoko" antena jartzen jarraitzen duela zabaldu zuen atzo El Correo Español egunkariak. Hori oinarritzat hartuz, antena gehiago udalerrian ez kokatzeko luzamendua indarrean jarraitzen duela gogoratu dio EAJ buru duen udal gobernuari Getxoko PPk. "2007ko osoko bilkuran onartu egin zen aipatu luzamendua. Beraz, Udaren betekizuna da antena hori jartzen jarraitzen duten eta, horrela bada, lanak gelditzea", adierazi du Marisa Arrue popularren bozeramaileak. Albiste berean "lan horien berri ez" dutela aipatu zuen Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak. "Hala ere, dagoneko udal arautegira egokitutako proiektua aurkeztu du enpresa horrek eta laster izan dezake jarduera baimena", gaineratu zuen tokiko agintariak. Aipatu hitzak "oso larritzat" jo ditu Arruek, "beste behin ere gobernu taldeak udalbatzaren gehiengoak hartutako erabakiari muzin" egiten diola adierazten dutelako. Dagoeneko, abendu erdialdean, antenak arautzeko lan taldearen osaketa gainean zela, Areetako Paulino Mendivil kalean antena jartzen ari zirela salatu zuen Antena Ez elkarteak eta, ordutik hona, horren jarraipena egin du. Argazkian, hilaren 4ean hartutako irudia Antena Ez elkartearen arabera.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun